400 lanek hartu dute parte Ipuin Lehiaketan

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 11a, 11:15
Joan den barikuan Txorierriko Ipuin Lehiaketaren sariak banatu ziren Derioko Larrabarri baserrian. Lehiaketa Mankomunitateak antolatzen du eta aurten 10. edizioa bete da. Laida Goikoetxea euskara teknikariak aipatu digun moduan, partehartzea gero eta handiagoa da urteak pasa ahala eta aurtengo edizioan 400 ipuin aurkeztu dira. Hala ere, lehiaketaren helburua ez da partehartzaileen artean lehiakortasuna bultzatzea, “sorkuntzan trebatu eta idaztera animatzea, baizik”. Laidak Txepetxa aek euskaltegi, udal euskaltegi eta euskara elkarteen laguntza izan du ipuinak irakurri eta baloratzeko orduan. Lehiaketan bost kategoria osatu dira partehartzaileen adinaren arabera. Kategoria bakoitzeko sari bi eman dira eta, era berean, akzesit bi izan dira herri bakoitzeko. Saritzat material didaktikoa eman zaie umeei; eta agendak eta CDak, helduei. Sari banaketa txanda bitan antolatu zuten. Lehenengoan zazpi urtetik bederatzi urterako umeek (A eta B kategoriak) hartu zuten parte; eta bigarrenean, gainontzekoek. Txanda bietan Txomin ipuin kontalaria eta Ainhoa ilustratzailea aritu ziren. Txominek ipuina kontatu zuen bitartean, horren marrazkia egin zuen Ainhoak. Beste alde batetik, argazki guztiak “Ipuin Lehiaketa 2008” karpetan jarri dira ikusgai. Karpeta hori “Argazkiak” atalean dago eta argazkiak bertatik deskarga daitezke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).