Helburuak bete ditu Behar Bidasoak

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 18a, 08:54
Behar Bidasoa Lezamako gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) 2007. urteko balantzea egin, eta pozik agertu da lortutako emaitzarekin. Izan ere, Pereiran (Kolonbia) dituzten proiektu guztiek aurrera egin dute, “oraindik lan handia izan arren”, azaldu dute. Iaz 317 pertsona prestau dira prestakuntza tailerretan –zeramika, edergintza, zapatagintza...-, eta 165 umek hartu dute parte besoetako egite programetan. Era berean, goi mailako ikasketak burutzeko bekadunak diren 17 gaztetariko 3k amaitu dituzte ikasketak, eta bi hasi dira lanean. Zentroko jantokietan 300 laguni ematen diete jaten egunero, eta programa sozio-hezitzailea indartu egin da. Nagusientzako alfabetatze ikastaroak ere eman dira eta liburuak, entziklopediak, ordenadore bi eta inprimagailu bat erosi dituzte liburutegirako. Eskolan izandako berrikuntzarik garrantzitsuena matematika arloan eman da, irakasle berria kontratatu baita, ikasgai hori sendotzeko. Beste alde batetik, joan den urteko Aste Santuan “Ogi gozoa” leku komertziala inauguratu zen, eta, handik hona, okindegiko produktuen eta bazkarien salmentak gora egin du. Horrezaz gainera, ile-apaindegia astegun batzuetan zabaltzen dute, eta zeramika eskola ere ematen dute. Tailerretan emakumeek ekoiztutako materiala saltzeko erakuslehioa ere badago bertan: zapatak, poltsak, zeramika... Erizaintza programa Azkenik, erizaindegiak osasunerako hezkuntza programa eta lehen mailako atentzioa mantendu ditu 2007an. Erizaintza programaz arduratzen den GKEko pertsona Pereiran izan zen udan, eta proiektuaren beharrizana berretsi zuen, hango populazioak ez baitu osasun zerbitzurik. Bereziki emakumeek, umeek eta nagusiek behar dute laguntza, desnutrizioa eta garbitasun falta handia baitituzte. Erizaintza programaren laguntza izan duen jende kopurua ia bikoiztu egin zen iaz. Behar Bidasoa GKEk laguntza handia jaso du instituzioetatik, enpresetatik eta partikularretatik, proiektu hauek guztiak aurrera eraman ahal izateko. Txorieritik, esaterako, 34.000 euro agindu dira Pereirara. Loiuko Udalak 5.000 euro jarri ditu, zentroaren alboko lursaila erosteko; Sondikako Udalak eta Derioko Udalak 12.000 euro eta 15.000 euro eman dituzte hurremez hurren, zentroko langileei ordaintzeko; eta Zamudioko Udalak 2.000 euro jarri ditu, liburutegirako materiala erosteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).