Ondare Historikoa inauguratu dabe Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 08:49
Orain dala gitxi amaitu da Larrabetzuko urigune historikoa berreskuratzeko beharren hirugarren fasea, eta maiatzaren 17an egin dabe inaugurazinoa. Besteak beste, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendaria eta Maria Uribe Foru Aldundiko ingurumen zuzendaria izan ziran inaugurazinoan. Tomas Ordeñana Larrabetzuko alkateak azaldu eban legez, foru errepide bi urigunetik bertatik pasatzen dira, Andra Mari eta Mikel Zarate kaleetatik hain zuzen be. Eta hango zirkulazinoa semafoaren bidez antolatzen zan lehen. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak monumentu-multzo historiko eta artistikotzat jo eban urigunea 2000ko ekainean. Hori dala-ta, ondare historikoa berreskuratu eta eremu publikoa birgaitzeko beharrak hasi zituan Udalak. “Larrabetzuko saihesbidea egin behar izan zan,eta, holan, konponbidea emon jakon eskualde-errepidea urigune historikoaren erditik pasatzearen arazoari”. 11.400 m2ko azalerea Urigune historikoa berreskuratzeko obrak hiru fasetan egin dira, eta urigunearen inguruan kale barriak egokitu behar izan dira, barruko zirkulazinoa berrantolatzeko. Lehenengo fasea 1999. urtean burutu zan eta hari esker 900 metro koadro berreskuratu ziran udalerriko plazarako. Bigarren fasea 2003. urtean amaitu eben, eta plazatik Andra Mari eleizarainoko zatia atondu ostean, 1.100 metro koadro berreskuratu ziran. Hirugaren fasean 1.500 metro koadroko azalerea lortu dabe Askatasunaren plazatik Anguleri jauregiraino. Beharren ostean, urigune historikoak 11.400 metro koadrotik gorako azalerea dau. Monumentu-multzo historikoa eta artistikoa behin betiko berreskuratzeaz ganera, beste helburu batzuk be lortu dira. “1,2 hektareako ingurua oinezkoentzat atondu da, eta topaleku eta aisia-leku lasaia bihurtu da. Era berean, motordun ibilgailuen zirkulazinoa ingurune berezi honetatik atera da, eta orain dala urte batzuk ekarzan zaratea eta kutsadurea be kendu dira”. Beharrotan 870.919 euroko aurrekontua erabili da. Hori finantzatzeko, 150.611 euro jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak eta 140.903 euro Conten enpresak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).