Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Udalsarea 21-ek GAP programaren laugarren edizioa jarri dute martxan, eta Txorierriko Mankomunitateak lehenengo aldiz hartuko du parte bertan. Programak gomendioak ematen dizkie herritarrei ingurumena zaintzen laguntzeko. Ekimenak lau arlo jorratzen ditu: etxeko hondakinak erostea eta kudeatzea, ura, energia eta garraioa. Programaren bidez, kontsumitzaileok ingurumenarekiko ditugun jarrerak aztertu eta neurtzeko aukera izango dugu. Sentsibilizazio-ekimen horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu die txorierritarrei Mankomunitateak.
Programa era bitan bete ahal da: interneten bitartez ala paperean. Lehenengoa aukeratzen dutenek apirilaren 5era arte eman dezakete izena www.udalsarea21.net edo euren udalaren webgunean. Eta hau da, hain zuzen ere, arduradunek hobesten duten parte hartzeko modua, "iraunkorragoa" delako. Txorierriko herri guztietan foiletoak banatu dira kanpainaren berri emateko. Programa paperean egingo dutenek foiletoarekin batera jasotako kupoia bidali beharko dute CAP Euskadira, eta honek materiala aginduko die etxera: galdetegiak eta eskuliburuak, besteak beste. Ekimenean parte hartu duten familiek Nazio Batuen Erakundearen ziurtagiria jasoko dute. Gainera, zozketa batean sartuko dira hainbat sari irabazi ahal izateko.
GAP programa amaitzean, udal bakoitzak herritarren parte-hartzearen portzentajeak jakin ahal izango ditu. Era berean, txorierritarrek ingurumena hobetzeko egindako ahaleginaren emaitza ezagutuko dute. Programak ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetan ekartzen ditu onurak. Izan ere, gomendio guztiei jarraitzen bazaie, “%20ko aurreztea lor daiteke etxe bakoitzeanâ€, Carlos Oppe GAP programako Estatuko buruak esan duen moduan. “Ingurumena zaintzeko ez dira ahaleginak handirik egin behar, ekintza txikiak baizikâ€, adierazi du Asier Ortun GAP programako Euskadiko ordezkariak.
GAP nazioarteko programa da, eta ohiturak aldaraztea du helburu, baliabideak
hobeto erabiltzeko eta gure planetak jasotzen duen inpaktua murrizteko. Ura, energia eta erregai fosilak murrizten lagunduz, CO2 gutxiago isuriz eta jarrera osasungarriagoak hartuz, planeta iraunkorra egiten lagunduko dugu. GAP sistema frogatua da, interaktiboa eta neurtzeko moduko emaitzak ematen dituena. Ekimenari esker, 200.000 pertsonak hobetu dute euren jarrera ekologia arloan. Ekintza soil eta praktiko batzuetan oinarrituta, GAP gai da ingurumenarekiko daukagun harreman-eredua aldarazteko. Aurreko hiru edizioetan, 91 herritako 22.000 familiak hartu zuten parte programan. Horiek etxean 350 tona hondakin gutxiago sortzea, 65 milioi litro ur gutxiago kontsumitzea, eta 5.000 tona CO2 gutxiago isurtzea lortu dute.