Mintza praktika lantzeko asteburua

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 19a, 13:41
Argazki oina: Beste ekimen batzuen artean, irteera egin zuten iaz Errioxara.
Txepetxa Txorierriko AEK euskaltegiak mintza praktika lantzeko asteburua antolatu du maiatzaren 30 eta 31rako. Ekimena euskaltegiko ikasleei ez ezik, Berbalagun egitasmoaren partaideei eta nahi duen guztiari dago zuzenduta. Antolatzaileek jarri duten baldintza bakarra hau da: euskaraz murgiltzeko gogoa izatea. Asteburua Azkizu-Getariako aterpe batean emango dute. Zapatuan Zumaia eta Getaria bisitatuko dituzte, eta domekan ibilaldia egingo dute Pagoeta basoan zehar. Horrezaz gainera, hainbat joko eta ekintza ere prestatuko dituzte. Lagun askok ez dute klasetik kanpo euskaraz egiteko aukerarik, eta irteerak ohiko ekintza bat egiten duten bitartean mintzamena lantzea du helburu. Era berean, ikasle batzuek ahozko azterketa prestatu behar dute EGA eta hizkuntza-eskakizunak gainditzeko probei begira, eta asteburuak aukera paregabea eskainiko die, bi egunetan zehar euskaraz pentsatu eta mintzatu egin beharko baitute. Mintzamena lantzeaz gainera, Euskal Herriko txokoak ezagutzeko ere aprobetxatuko dute. Irteeran parte hartu nahi dutenek Txepetxa euskaltegira deitu behar dute: 94 454 39 67; edo mezua agindu helbide elektroniko honetara: txepetxa@aek.org. Datorren ikasturterako beste irteera bi antolatzeko asmoa dute Txepetxa euskaltegikoek. Euskarazko antzerkia Beste alde batetik, maiatzaren 27an Jennyren lau arrazoiak antzezlana izango da Larrabarri Kultura Aretoan, arratsaldeko 7etan. Saioa Txepetxa euskaltegiak antolatu du eta horretarako, Derioko Udalaren laguntza eduki du. Ekimen honen bidez, antzerkia bera, eta euskarazko antzerkia bereziki, ikasle eta herritarrei hurbildu nahi diete.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).