Txakolinaren Egunak lekukoa hartu dio Lezamako Uzt

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 15a, 15:02

Argazkiak: Leire Iturrioz eta Jon Rozadilla

AtzoTxakolinaren Eguna egin zuten lehenengo aldiz Lezaman, bertako Udalak eta Nekalurrek antolatuta. Azoka honek azken zazpi urteotan egindako Uzta Eguna ordezkatuko du hemendik aurrera. Uzta Eguna urrian izaten zen, baina txakolingileek Udalari azaldu zioten bezala, urrian mahatsa biltzeko sasoia hasten da eta ondorioz, ekoizpen gutxi dute. Ekainean askoz txakolin gehiago dute eta hori dela-eta, hitzordua dataz aldatzeko eskatu zuten. Uzta Egunak bezala, Lezamako Txakolinaren Egunaren lehenengo edizioak helburu hauek izan ditu: Txorierriko eta Lezamako txakolina dastatzea, lurreko produktuak erakustea eta horien salmenta sustatzea. Guztira 700 litro txakolin saldu dira azokan. Gainera, ohiko produktuak (baserriko ogia, euskal pastela, eztia, frutak, barazkiak, txokolatea...) erosteko aukera ere izan da. Egun euritsua izan arren, 2.000 lagun hurbildu ziren Lezamara eta giro ederra egon zen goiz osoan zehar. Kepa Uriarte Bizkaia Irratiko kazetariak Txorierriko txakolina dastatzeko gonbidapena luzatu zien azokara bertaratutakoei, eta Angel Mari Peñagarikano eta Etxahun Lekue bertsolariek saioa eskaini zuten. Sariak etxean gelditu ziren Azokan berrogei postu jarri ziren eta bertan Txorierriko bederatzi txakolingileek hartu zuten parte: Aiarza, Aitabitxi, Basalbeiti, Erdikoetxe, Magalarte eta Garkalde, Lezamakoak; Sasikoetxe eta Sasines, Larrabetzukoak; eta Arkotxes, Zamudiokoa. Tzibi, Iraia eta Orueta Athleticen emakumezkoen taldeko jokalariek txakolin-posturik ikusgarrienenak aukeratzeko ardura hartu zuten, eta euren iritziz, hauek izan ziren ondoen apaindutakoak: Erdikoetxe, lehenengo saria; Aitabitxi, bigarren saria; eta Magalarte, hirugarren saria. Saritu guztiak Lezamako txakolingileak izan ziren. Beste alde batetik, herriko elkarte batzuek euren jarduera eman zuten ezagutzera azokan; Laiak emakumeen elkartea eta Zorrizketan euskara elkartea, tartean. Era berean, Behar Bidasoa gobernuz kanpoko erakundeak eta datorren urteko Ibilaldiaren antolatzaileek ere postua jarri zuten han. Azkenik, talo tailerrak, puzgarriak eta aurpegia margotzeko gunea antolatu ziren umeei zuzenduta.