Badira 400 urte, Galileo Galileiri esker, teleskopio astronomikoa lehenengoz gauzatu eta erabili zela. Horregatik, UNESCOk eta Astronomia Nazioarteko Elkarteak (IAU) Astronomiaren Nazioarteko Urte izendatu dute 2009a.
Horren haritik, Txorierriko zenbait zientziazale euskaldunek Astronomiaren Astea antolatu dute urriaren bigarren hamabostaldirako. Antolatzaileek adin guztiei zuzendutako ekintzak prestatu dituzte, eta jakin-min apur bat izatea baino ez da beharrezkoa, bertan parte hartu ahal izateko.
Urriaren 19an, astelehenean, “Leonardo zientzialarien aitzindaria. Berak asmatutako zenbait mekanismo†hitzaldia emango du Jose Ramón Etxebarriak Lezaman. Saioa Zorrizketan euskara elkarteak antolatu du eta arratsaldeko 8etan hasiko da.
Jon Legarretak “Planetak: urrutiko auzoak ezagutuz†hitzaldia eskainiko du urriaren 22an, arratsaldeko 8etan, Zamudion. Ekitaldia Lagatzu euskara elkarteak antolatu du.
Azkenik, urriaren 26an, astelehenean, umeentzako tailerra egingo da Derion, Tximintx euskara elkartearen eskutik. Tailerra arratsaldeko 6etan izango da. Egun horretan ere, baina arratsaldeko 8etan, ekimen bereziaz gozatzeko aukera egongo da. Jon Legarretaren azalpenei jarraituz, ilargia eta Jupiter teleskopioz behatu ahalko ditugu. Eguraldi txarra izanez gero, ekimena martitzenera edo eguaztenera atzera liteke.
Jose Ramón Etxebarria eta Jon Legarreta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira. Etxebarriak Fisikaren gainean euskaraz egindako hainbat argitalpenetan hartu du parte, eta Legarreta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikerlaria da.