Txorierri Institutuko irakasle, ikasle eta azken horien gurasoek aurreko ikasturtearen amaieran buruan zuten kezka berarekin eman diote hasiera ikasturte berriari: leku-arazoa. Baina hori aspaldiko kontua da institutuan.
Txorierrin izandako garapena dela-eta, institutua txiki gelditu da ikasle guztiak bertan hartu ahal izateko. Horrela, Lehen Hezkuntzako Eskolakoa den eraikinean gela batzuk atondu behar izan ziren institutuko ikasleentzat, eta horiek eskolako jantokia ere erabili dute orain arte. Azpiegiturok eskolari itzultzeko momentua ailegatu da, eskolak ere bere beharrizanak dituelako.
Gurasoen Elkarteak, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek eta Mankomunitateak hainbat bilera izan dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, arazoaren berri eman eta lehenbailehen konponbidea topatzeko. Derioko Udalak, esate baterako, lursail bat doan utzi zion Hezkuntza Sailari, institutuaren handitze-obrak han egiteko; eta Zamudioko Udalak ere doan eskaini zuen lursail urbanizagarri bat, bertan institutu berria eraikitzeko.
Gurasoen Elkartetik azaldu duten moduan, Hezkuntza Sailak institutua handitzearen beharra onartu zuen hasiera batean, eta lanak hasteko izapideak jarri zituen martxan. Hala ere, atzera egin eta Zamudion eraikin berria eraikitzeari lehentasuna emango ziotela jakinarazi zuen joan den ikasturtean. “Derioko Instituturako eman duten konponbidea ditugun azpiegiturak berrantolatzea izan daâ€. Hala, udan lau ikasgela berri atondu dira ekitaldi-aretoan; eta beste bi, zereginen ikaskuntzarako gelan eta Gurasoen Elkarteak erabiltzen zuen areto batean. Gainera, aste honetan lanak hasi dira frontoi estalian. Bertan jantokia jartzeko asmoa dago. “Leku horiek ikasleek erabiltzen zituzten, egun euritsuetan atsedenaldia han emateko. Institutuan 450 ikasle daude gaur egun eta birmoldaketen ondorioz, 180 metro karratu baino ez dira gelditu, ikasle horiek atsedenaldietan aterpean egon daitezenâ€, esan du Jokin Serra Gurasoen Elkartearen presidenteak.
200 ikasle berri, urte bi barru
Ikasleek, irakasleek eta Gurasoen Elkarteak frontoiaren lanak bertan behera gelditzeko eskatu dute, eta institutuaren handitze-lanak ahalik eta arinen hasteko. Era berean, beharrezkotzat jotzen dute eskola zein institutuko eskola-kontseiluek eta Hezkuntza Sailak osatutako batzorde bat osatzea, guztion artean konponbide egokia topatzeko. Horren haritik, irailaren 23an batuko dira Bizkaiko delegatuarekin.
Beste alde batetik, Gurasoen Elkarteak ez du aztertu Zamudion institutu berria altxatzeak onurarik edo kalterik ekarriko duen. Hala ere, argi dute proiektu horrek ez duela Derioko institutuaren arazoa konponduko. “Izapideak eginda daudela kontuan hartzen bada, institutuaren handitze-lanak bi urteren buruan egon ahalko ziren amaituta. Baina institutu berria egiteko, urte gehiago eman beharko da. Derioko institutuak urte bi barru 200 ikasle berri hartzea espero du, eta arazoa larriagoa izango daâ€.
Txorierri institutuak Bigarren Hezkuntza, Batxiler, Zeregin Ikaskuntzaren Gela eta Lanbide Heziketaren modulu bateko ikasleak hartzen ditu gaur egun. Lekurik eza urte hauetan borondate onez aurre egin dioten arazoa da. Esate baterako, talde batzuek udal kiroldegian ematen dute soinketa, eta Lanbide Heziketaren tailerrak institutuko sotoetan egiten dira. Baina aurreikuspenen arabera, leku-arazoa areagotuko da datozen ikasturteei begira. Horregatik guztiek eskatzen dute konponbide egokia lehenbailehen topatzeko.
Hezkuntza