Eragiletzan sakontzea erabaki du Euskaldunon Elkarteen Mugimenduak

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 10a, 14:25

Argazkia: Topagunea (Iratxe Irizar)

Otsailaren amaieran, 200 lagun bildu ziren Bilbon, XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen mugimenduaren Kongresuan. Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 96 elkarteek, euskaraz bizitzeko hautua egin duten euskaldunen bilgune antolatu modura eragiten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten han. Eta mugimenduaren etorkizuneko oinarriak eta helburuak ere onartu zituzten. Euskaldunon gizarte mugimendu antolatuak euskararen eta euskaldun hiztunen komunitatearen garapenean bete duen funtzioa azpimarratu zuten bilkuran. Gogoratu zen bezala, lehenengo euskara elkartea orain dela mende laurdena baino gehiago sortu zen eta handik hona mugimenduak 20.000 bazkidetik gora bildu ditu, 450 langile eta 1.400 boluntario. Era berean, asko dira euskaldunon elkarteek landu dituzten arloak eta egitasmoak: toki hedabideak, kultur dinamika, aisialdiko eskaintza eta mintzapraktika egitasmoak, tartean. Beste alde batetik, euskaraz bizitzeko aukerak eta baldintzak sortzeko bidean, euskaldunok behar dituzten arnasguneak antolatzea eta zaintzea lehentasunezko helburutzat hartu zuten. Izan ere, euskaldungoak euskaraz bizitzeko baldintzak izan ditzan, espazio eta funtzio hegemonikoak behar direla azaldu zuten, eta hurrengo urteetan ahalegina horretan egingo zutela. Eragite lanari dagokionez, Topaguneko ordezkariek bereziki azpimarratu zituzten hizkuntzaren biziberritzean jakintzak eta ezagutzak duten garrantzia, eta ezagutzaren transmisioan sakondu beharra.