Agur, familia eta lagunak. Gerrara noa...

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 22a, 10:59

Argazkiak: Jesus Sustatxa

Abenduaren 18an, domekan, 50 lagun inguru batu ziran Garones Loiuko baserrian, herriko gudari bati agur esatera. Gerra zibila hasi da eta gazte loiuztarra gerra-tokira doa, etxean emaztea eta seme-alaba txikiak itxiko dituala. Agur-ekitaldian, familia bildu da, auzokideak eta herriko dantzariak, txistulariak eta musikariak. “Ez negar egin, ez negar egin” abesten dabe, gudariari agur esaten deutsien bitartean. Abestia Jesus Sustatxak idatzi dau, eta ha zein agerraldia Luis Gómezegaz batera egiten dabilan dokumentalean sartuko dira. Behar horretan 36ko gerrak Loiun eta haren biztanleengan izan zituan ondorioak jasoko dabez. Dokumentazinoa batzeko, Jesusek eta Luisek alkarrizketa egin deutsee gerra bizi eben herriko 14 lagunei, eta arretaz arakatu dabe Bizkaiko Foru Aldundiko Artxibo Historikoan, Sabino Arana Fundazinoaren artxiboan, eta Aranzadi eta Ilargi alkarteetako agiritegietan. Lekukoen testigantza eta batutako informazinoa izango dira dokumentalaren hari nagusia. Gerraren lekukoek kontau deutseez, besteak beste, fusilamentuak barikuan egiten zirala Derioko hilerrian, eta zelako estrategiak zituela hegazkinek bonbardaketak egiteko orduan. Baita tropa frankistak Loiura Lañesetik sartu zirala be. Agiritegietan garai hatako dokumentu sorta zabala topau dabe: bonbak Loiun non jauzi ziran, zinegotziei ezarritako zigorrak, gerran hil ziranen datuak eta herriko gudarien argazkiak, banaka batzuk aitatzearren. “Informazinoa pitinka-pitinka atera behar izan dogu handik eta hemendik. Baina argi dago Loiuk gerran uste baino paper garrantzitsua izan ebala. Adibidez, Artxandako garrikoaren zati bat Lauroetan egoan eta Pozozabalen be egon ziran metrailadoreak. Era berean, Elotxelerrin ospitale militarra ipini zan, eta preso asko aireportua eregiten ibili ziran”. Beharraren ondorioak eta aurkikuntzak datorren urtean ezagutuko ditugu.