Troquenor enpresako langileak ekainaren 18an atera zituzten lantegitik, bertan enpresaren desjabetzea ekiditeko hilabete bi eman ostean. Langileak oso etsituta agertu ziren. “Azkenean lortu egin dute, bota gaituzte. Egunak eta egunak eman ditugu Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatzen, eta isiltasuna baino ez dugu jaso. Are gehiago, Ertzaintza bidali digute gure lanpostuetatik ateratzeko”, esan du Roberto Gómez langileak. “Egoera erabat surrealista da, ulergaitza: gu kalean gaude, baina ez digute lan-kontratua deuseztatu, eta ez dugu indemnizaziorik. Gu kalean gaude, baina jabeak ez dituzte ordaintzera behartzen”. Enpresaren 120 langileek argi dute “borrokan jarraituko dutela”.
Langileek uste dute bere sektorean lana egon badagoela, eta eurek lanabesak dituztela lan egiten jarraitzeko, tresneria eta enpresa, alegia. Hala ere, desjabetzea gertatu ondoren, ez dute ez pabilioirik, ez lurrik behar egiteko. Eta horren haritik, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batu dira. Biei “inplikazioa eta irtenbideren bat emateko” eskatu diete langileek. Enpresa-batzordetik jakinarazi duten moduan, enpresak 250.000 euroko zorra du Bretón familiarekin, pabilioiko jabea dena, azpiegituraren alokairuagatik, eta epaileak horregatik eman zuen desjabetzeko agindua. Era berean, Bretón familiak zazpi milioi euro zor dio Eusko Jaurlaritzari; 3,6 milioi, Foru Aldundiari; eta zazpi milioi, Gizarte-Segurantzari.
Enpresaren desjabetzea zalaparta handia ekarri zuen. Lehenengo saiakera maiatzaren 8an egin zen eta langileek hura ekiditea lortu zuten. Baina azken saiakera honetan, aldiz, ezin izan dira lantegian geratu. Goizeko 8:30ean langileak, lagunak eta senideak batu ziren sarrera nagusiaren aurrean. Bildutakoek lelo hau zuen pankarta zabaldu zuten: “Gure lanpostuen defentsan. Ez itxi”. Ordubete beranduago, epaitegiko langileak eta Ertzaintzako 10 furgoneta heldu ziren, eta desjabetzeari ekingo ziotela ohartarazi zieten langileei. Eurek erantzun zieten bertatik alde egingo ez zutela, eta euren lanpostuak defendatzeko eskubidea aldarrikatu zuten.
Langileek sarrera nagusia oztopatzen zuten. Poliziek alboko hesia eta atea apurtu zituzten eta lantegira sartu ziren. Langileak ertzainekin hitz egiten saiatu ziren, desjabetzea aurrera ez eramateko, baina alferrik izan zen. Kazetariok kanpoan gertatu zena ikusi ahal izan genuen, baina ez ziguten barrura sartzen utzi. Maria Victoria Ugarteburu Bildu alderdiko legebiltzarkideak ere sartu nahi izan zuen barrura, desjabetzea baldintza egokietan egiten zela bermatzeko, baina berari ere ez zioten sartzen utzi. Langileen protesta erabat bakeduna izan arren, liskar txikiak egon ziren, batez ere, langileak enpresatik ateratzen ari zirenean. Momentu horietan lagunek, kideek eta senideek txaloka hartu zituzten kanpora ateratzen ziren langileak. Azkenean, poliziak banan-banan atera zituen barruan zeuden 60 langileak. Azkena 13:30ean eraman zuten kanpora.