Euskarazko komunikazio esparru sendo baten beharraz jardun dute Aretxabaletako Campusean. Bertan, TOKIKOM elkarteak abiarazi duen gogoeta aurkeztu da kide, aditu eta agintarien aurrean. Elkarteak defendatzen du "XXI. mendean komunikazioa" dela "komunitategile nagusia" eta horregatik dela hain beharrezkoa euskarazko komunikabideen sektore indartsua.
Aurkezpenean TOKIKOMeko bazkideek, sektoreko ordezkariek, fakultateko irakasleek eta alorreko adituek hartu dute parte. Mikel Irizar, TOKIKOMeko presidentea, Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain MUko irakaslea, Haritz Solupe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari ohia eta Alberto Barandiaran HEKIMENeko kidea izan dira hizlariak.
Txostena Mondragon Unibertsitateko ikerlariek landu dute eta bere ardatza hau da: XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia, tokiko mailatik hasi, Euskal Herri osora zabalduta, eta ikuspegi global baten txertatuta. Ondorioztatzen da, beraz, euskararentzat tresna ezinbestekoa direla komunikabide eraginkorrak. Metafora moduan, gogoetarako, etxearen irudia erabili dute; Euskal Hedabideen etxea, hain zuzen ere. Euskal komunikabideen bateragunea litzateke figura hori, eta asmoa etorkizuna irudikatzea da; etxe hori eraikiz, bere egitura, solairu, atal eta korridoreekin. Tokiko hedabideek lehen solairua osatzen dute; eta bigarren solairua, hedabide nazionalek. Goranzko zein beheranzko komunikazioa eta antolaketa igogailua da.
TOKIKOM euskarazko toki hedabideek osatzen dute eta gogoeta handik abiarazi da. Irizarren esanetan, indarren batuketak ekarriko luke “Euskal Herrian beste inork antolatu ezin duen komunikazio talde indartsu bat, euskararentzat ezinbestekoa dena”. Sistema horrek hiru hanka edukiko lituzke “hedabideen bultzada, unibertsitateen berme eta administrazioaren laguntzarekin” esan zuen HEKIMENeko Alberto Barandiaranek.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikararako Sailburuordea ere izan zen ekitaldian. Baztarrikak azaldu zuen lotura argia dagoela euskarazko hedabideen kontsumoaren eta gizartearen euskara erabileraren artean, eta horregatik agintariei dagokiela “eraginkorrak diren hedabideak bultzatzea”. Bestalde, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak esan zuen euskaraz bizi diren herriak “arnasguneak direla eta horretarako, ezinbestekoak direla euskarazko komunikabideak”.