Auzitegi Nazionalak absolbitu ditu Segiko kideak zirelakoan epaitutako 40 gazte independentista. Gazte horietako bat Haritz Petralanda zamudioztarra da. Petralandak positibotzat jo du epaia, bai gazteentzat, bai Euskal Herriko gizarte osorako. “Epaiak agerian utzi du lan politikoa egitea ez dela delitua, eta pentsa daiteke “dena ETA da” hori bukatzen ari dela. Epaian adierazten da gu gazte independentistak garela, ez dugula zerikusirik Segirekin, eta gure lana ez dela biolentziari lotuta egon. Lana arlo sozialean egin dugula, gazteentzat interesa duten gaiak landuz”.
Zamudioztarrak azaldutakoaren arabera, epaiak ez ditu inkomunikazio aldiko deklarazioak kontuan hartzen eta zalantzan jartzen ditu Marlasca epailaren instrukzioa eta poliziaren lana. “Han ez da modu argi batean esaten torturak jasan ditugunik, baina bai baldintzatuta egon garela deklarazioa egiteko orduan eta horrek gure burua erruztatzera eraman gaituela. Are gehiago, epaian jaso da Frantzian eta Italian atxilotu zituztenek beren buruari ez ziotela errurik egotzi”. Gazteak uste du epaiak aurrekaria ezar dezakeela eta onuragarria izan daitekeela datozen epaiketei begira. Horren haritik gogora ekarri du laster beste txorierritar bi epaituko dituztela, Endika Perez larrabetzuarra eta Aner Petralanda zamudioztarra, lehenengoa Segiko kidea delakoan eta bigarrena, bere anaia dena, ezker abertzaleko mahaikidea izateagatik. “Dena dela, inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen”.
Gogoa
Haritzek urtebete eta hilabete bi eman zituen kartzelan. Behin-behineko espetxeratzea bete zuen eta, denbora-tarte hori ez duela inoiz berreskuratuko dakien arren, nahiago du alde positiboarekin gelditu. “Txarra izan zen familiarentzat, lagunentzat, niretzat... Baina gauza asko ikasi nituen, esate baterako, zein indartsu izan ahal naizen... Oso jende ona ere ezagutu dut”.
Pozik dago, baina oraindik epaia asimilatzen. “Zure bizitzarekin jarraitzen baduzu ere, badakizu epaia ailegatuko dela eta muga bat ipintzen diozu zure buruari. Gainera, urte hauetan alde batetik zein bestetik adierazitako jarrerak ikusita okerrena pentsatzen duzu... Eta bat-batean dena duzu egiteko. Apur bat zoratzekoa da”. Lan egiteko jarraitzeko gogoa duela esan digu, eta horretan ibiliko dela; gaur arte egin duen moduan. “Ez naiz ezertaz damu, oso harro nago”.