Aurten 30 urte bete dira GAL sortu zenetik, eta joan den zapatuan txorierritar talde bat batu zen Derion, gerra zikinaren Txorierriko biktimei omenaldia egiteko. Ekitaldian azaldu zuten moduan, talde parapolizialek milaka laguni egin zieten eraso, bahitu, bortxatu, jo... Laurogeita bost hildako egon ziren, eta ia mila bereizi gabeko eraso.
Antolatzaileek Ana Tere Berroeta eta Mikel Goikoetxea txorierritarrak ekarri zituzten gogora. Ana Tere Loiukoa zen eta 1980ko urtarrilaren 10ean bahitu, bortxatu eta hil egin zuten GAEko kideek (Grupos Armados Españoles). Mikel Goikoetxea derioztarra 1983ko abenduaren 28an zauritu zuen GALeko frankotiratzaile batek, bere emaztearekin eta alabarekin Donibane Lohitzuneko etxera zihoala. Lau egun beranduago hil zen zauri larrien ondorioz. “Konpromiso sendoa zuen euskal kulturarekin eta askatasunarekin”, adierazi zuten.
Omenaldian salatu zuten hedabideek, historia ofizialak eta instituzio ezberdinek urteak daramatzatela gertatutako eta gertatzen denaren gezurrezko bertsioa eskaintzen. Eta ezinbestekotzat jo zuten gertatutakoari buruz hitz egitea eta egia azaleratzea. “Historia alderantziz kontatuta gure herri memoria lausotu eta egia ezkutatu nahi digute, gure herri kontzientzia ezabatu arte”.
Hamarkadetan izandako gatazka eta konfrontazioa gainditzeko aukerak erronka berri bat dakarrela esan zuten: egia, oroimen kolektiboa eta askatasuna batzea, aurreko konpromisoek eta gaur egungoek ere bat egin dezaten. “Hori da hain zuzen ere gatazka eta bere ondorioak gainditzeko gakoa. Ez dugu onartzen errealitatearen gure bertsioa aintzat ez hartzea. Egia eta askatasuna helburu ditugula, prest gaude norabide horretan ekarpena egiteko”.
Bestalde, irakurri zuten testuan oroitzapenezko hitzak ere izan zituzten Jose Ramón Goikoetxearentzat. Esan zuten moduan, ekainaren 26an 29 urte bete ziren loiuztarra kartzelan hil zela “Estatuaren espetxe-politika kriminalaren ondorioz”.