Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu du gaur. Txapelketan 37 bertsolarik hartuko dute parte, Malen Amenabar Larrañaga eta Etxahun Lekue Etxebarria larrebetzuarrak haien artean, eta hiru fase egongo dira: bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala.
Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko sailkapen faseak udaberrian hasi ziren. Eskualde bakoitzeko txapeldunak zuzenean sailkatu ziren udazkeneko txapelketara, eta gainontzekoek puntuazioaren arabera egin zuten. Malenek Uribe Butroeko Txapelketa irabazi zuen eta, beraz, zuzeneko txartela lortu zuen txapelketaren kanporaketetarako. Larrabetzuarra Mallabiko frontoian egingo den kanporaketan izango da azaroaren 2an. Bestalde, noizbait finalista izan direnak kanporaketa fasean hasiko dira txapelketa jokatzen, eta 2012an finalistak izan zirenak, finalaurrekoetan. Etxahun finalista izan zen urte horretako txapelketan, eta azaroaren 30ean Iparralde Urdulizeko kiroldegian egingo den finalaurrekoan hartuko du parte.
Txapelketaren lehenengo kanporaketa urriaren 12an izango da Torrezabal Galdakako kultur etxean; bigarrena, urriaren 19an Gautegiz-Arteagako frontoian; hirugarrena, urriaren 25ean Olalde Mungiko aretoan; laugarrena, azaroaren 2an Mallabiko frontoian; eta bosgarrena, azaroaren 9an Ibarreta Zeanuriko frontoian. Finalaurrekoei dagokienez, lehena azaroaren 22an egingo da Etxebarriko frontoian; bigarrena, azaroaren 30ean, Iparralde Urdulizeko kiroldegian; eta hirugarrena, abenduaren 7an Zelaieta Zornotzako zentroan. Finala abenduaren 20an jokatuko da Bibao Arenan, Miribillan. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.
Sarrerak bertsosarrerak.eu webgunean eskura daitezke. Kanporaketetarako eta finalerako sarrerak hasieratik egongo dira salgai, eta finalaurrekoetarakoak asteek aurrera egin ahala jarriko dira salgai. Era berean, saioen egunean bertan erosi ahalko dira txarteldegian, haiek hasi baino ordubete lehenago. Saio guztietarako bonoa erosteko aukera ere egongo da bertsosarrerak.eu webgunean. Hala ere, finalerako sarrera ez dago bonoaren barne.
Txapelketari buruzko informazioa bertsozale.eus/bizkaikotxapelketa webgunearen bidez eskura daiteke, Facebooken bidez eta Twitterren bidez (@bbertsozale, #josi). Gainera, sakelako telefonoetarako aplikazioa egin dute, APP Storetik deskargatu behar dena.
Oihal handia
Txapelketaren lelotzat “Josi” aukeratu da; eta iruditzat, txatalek edo adabakik osatutako oihal handia. Antolatzaileek adierazi duten moduan, “Bizkaiko Bertsozale Elkartea Bizkaiko bertsogintzaren ekosistema osoa josten ari da etengabe. Elkarteko sail ezberdinak ere josten ari da, barrutik eta elkarrekin: transmisioa, sustapena eta ikerkuntza atalez atal josten. Eta zelan ez, txapelketako kide guztiok, bakoitza bere izaera eta nortasunarekin, oihal txatal bat gara eta txapelketak oihal handi batean elkartzen gaitu. Horrela, puntuz puntu ari gara hariz oihalak josten. Bertsotan moduan, puntuz puntu bertsoa osatu arte, bertsolariz eta bertsozalez josiko dugu Bizkaia”.
Hainbat helburu dituela jaio da 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Alde batetik, bertsogintzaren oinarria finkatzea eta garatzea, “bertsolariei bertsokeran garatzeko aukera emanez, bertsozaleak erakarriz eta berriak sortuz, eta talde teknikoak hobetuz eta sendotuz”; eta bestetik, eskualdez eskualde egiten den lana indartzea eta azaleratzea. Kalitatezkoa eta eredugarria izango den euskarazko sorkuntza ere badu helburutzat, eta erdaldunak bertsolaritzara hurbildu. Azkenik, antolatzaileek ahalegina egingo dute txapelketa jendarte anitzaren isla izan dadin.