Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallya antolatu du 10. aldiz. Rallya, Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan izango da abenduaren 6tik 8ra.
Lehiaketak 48 orduko formatua mantenduko du. Hala, abenduaren 6an, parte hartzaileek aurkeztu beharreko film laburren gaia eta bertan islatu beharko dituzten ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte. Momentu horretatik, kameratoilariek 48 orduko epea izango dute gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak egiteko, beti ere antolakuntzak jarritako gai eta ezaugarriei jarraituz. Taldeek beren ekipo propioa erabili beharko dute eta aurkeztuko dituzten film laburretan hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa, euskara hutsean.
Kameratoiaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko
betebeharrarekin.
Abenduaren 8an, goizean, parte hartzaileek bideoak entregatu beharko dituzte, eta arratsaldean, gala egingo da Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: lehen saria, 1.200 euro; bigarrena, 900 euro; eta hirugarrena 600 euro.
Bestalde, 10. edizioa urte berezia izanik, Topaguneak keinu berezi bat egingo die euskaltzaleen mugimenduko kideei eta haiei zuzendutako sari berezi bat eskainiko du. Hala, hiru sari nagusiez gain, epaimahaiak TOPAGUNEA sari berezia emango dio euskaltzaleen elkarte baten izenean aurkezten diren taldeetako bati. Saria 500€ko txeke bat izango da euskara sustatzeko proiektu batera bideratu beharko da.
Honez gain, saridunaren lanak zabalkunde berezia izango du TOKIKOM osatzen duten euskarazko tokiko hedabideen artean.
Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte eta horretarako azaroaren 28a baino lehen eman behar dute izena kameratoia.com webgunean. Lehenengo 30 taldeek soilik izango dute parte-hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira. Lehiaketaren oinarriak webgunean daude ikusgai. Bideoa YouTuben ipini dute: Kameratoia 2014.
Euskara