Omenaldia jaso dau Ciriaco Dañobeitia txakolin-egileak

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 27a, 14:38

Ciriaco Dañobeitia larrabetzuarra protagonistea izan da azken egunotan komunikabideetan. Izan be, BBK-k omenaldia egin deutso azoketako beteranoa izateagaitik. Sasine baserria lagunez eta kazetariz bete zan urtarrilaren 15ean; hareen artean egon ziran Xabier Sagredo BBKko presidentea eta finantza-erakunde horretako beste ordezkari batzuk. Ciriacok oroitzapenezko estatuatxo bat eta txeke bat jaso ebazan opari. “Oso eskertuta nago, baina esan behar dot egun horretan apur bat urduri ibili nintzala hainbeste mikrofono, galdera, argazki, kamaragaz...”. Aurreko egunetako zalaparta mediatikoa gaindituta, nasai-nasai jesarri gara baserriko txokoan, eta omenaldi eguneko argazkiak erakutsi deuskuz. “Begitu, 34 persona etorri ziran etxera, eta ederra prestau zan. Etxerako bidea autoz bete zan, eta kazetariak Athleticen autobusean etorri ziran”. Baita egunkari-zati batzuk be. “Sagredori esan neutsan merezi nebana baino gehiago prestau ebela. Askoz gehiago merezi nebala erantzun eustan berak”. Ciriacok 87 urte beteko ditu laster, eta bizitza osoa mahats artean emon dauela esan deusku. “Hamar urtegaz, oinak garbitu eta mahatsak zapaltzen nebazan, saski baten”. Txakolina beti ezagutu dau etxean, eta bere lursailetan oraindino badagoz aitak orain 101 urte inguru landatutako mahatsondo batzuk. Txakolina etxerako eta lagunentzat egiten eben hasieran, eta azoketara orain 40 urte inguru hasi zan joaten. “Antolatzen hasi ziranetik, ez dot bat be galdu”. Azoka bakotxak bere xarmea badau be, larrabetzuarrak San Tomasekoa eta Gernikakoa aitatu ditu bereziki. “Handienak diralako”. Kalidadea Sasines txakolinak, beraz, ez dau inoz Bizkaiko azoketan huts egin. Gaur egun, txakolin zuria eta gorria, edo “oilar begia”, ekoizten ditue, eta euren produktua askotan izan da saritua. “Kalidadean dago sekretua. Txakolina egiteko modua izugarri aldatu da ni gaztea nintzanetik hona, jakina, baina nik batez be kalidadea azpimarratuko neuke, gero eta txakolin hobea egiten dalako. Mahats-barietate bakarra genduan lehen, eta orain gehiago dagoz. Horrek hobetu egin dau produktua”. Kontau deusku azken hiru urteetan bost aldiz egin deutsiela ebakuntzea, baina gogotsu sentitzen dala eta oraindino, ahal dauen neurrian, jarraitzen dauela beharrean. “Berton daukaguzan mahatsondoak berak bakarrik inausi ditu aurten, eta beti dago zerbait egiten, landarak lotzen, laguntzen honegaz edo besteagaz...”, aitatu dau bere suhinak. Gazteei bidea emon behar jake, Ciriacoren ustez. Horregaitik, beharbada, enpresa-egitasmo barri baten sartu da: Butroi marka. “Lau bazkide gara eta hiru upeltegi: Zamudioko Oletxe, Gatikako Etxebarria eta gurea. Bakotxak jarraituko dogu geure txakolina egiten, baina produktu komuna be atera dogu, Butroi txakolina”. Azoketako beteranoa izateagaitik emon deutso BBK-k saria Ciriacori, eta larrabetzuarrak horretan jarraitzeko asmoa dau. Halan, hurrengo hitzordua markauta dauka egutegian: martxoaren 22an, Larrabetzun. “Txorierriko txakolin azokea egingo da egun horretan. Azoka polita da, jente asko batzen da bertan”. Han ikusiko dogu alkar, beraz.