Gaur egun, zazpi gazte elkarte daude Txorierrin: Tarratada Sondikako GA, Lezamako GA, Santzoka Derioko elkartea, Hori Bai Larrabetzuko gaztetxea, Inisitue Zamudioko GA, eta Larrabetzuko eta Zamudioko ERNAI gazte antolakundeak. Elkarteak urtarrilean batu ziren eta gazteen egoera, premiak eta gabeziak aztertu zituzten guztien artean. Azaldu duten moduan, gazteek euskararen erabileraren arloan gabezia dutela atera zuten ondorio bilera horretatik. “Herri batzuetan badaude euskaraz ez dakiten gazteak; edo badakitenak, baina euskara erabiltzen ez dutenak. Eta erabiltzen badute, gauza konkretu batzuetarako edo pertsona jakin batzuekin da. Bestalde, ikusi dugu beste herri batzuetako gazteek euskaraz gero eta gutxiago egiten dutela, nahiz eta lagun guztiak euskaldunak izan; edo euskara bakarrik koadrillako batzuekin erabiltzen dutela”.
Arazoari aurre egiteko, euskarazko guneak sortzea erabaki zuten gazte elkarteek, eta horretarako, “Gazteak Txorierrin, euskaraz goxo-goxo” kanpaina ipini dute martxan. “Ideia, euskaraz ez dakitenak eta dakitenak euskara hutsean aritzeko guneak atontzea da. Besteak beste, txokolatada egingo dugu, gazte giroa sortu…”. Derion egon dira dagoeneko eta esperientzia positiboa izan da. Datorren hileotan Txorierriko gainontzeko herrietan izango dira. Hitzorduak hauek dira: otsailak 7, Loiun; otsailak 28, Larrabetzun; martxoak 14, Lezaman; martxoak 28, Sondikan; eta apirilak 18, Zamudion.