Asua ibaia ezagutzeko txangoa, Lezama Bizirik elkarteak antolatuta

Aikor aldizkaria 2015ko api. 13a, 10:59

Lezama Bizirik elkarteak irteera bat egin du, Asua ibaia Lezaman zein egoeratan dagoen jakiteko. Hala, kilometro batzuk egin dituzte ibaiaren ibilgutik, Kurtzetik Ugarteraino. Adierazi duten moduan, ura eta erriberak pentsatu baino garbiago egon dira eta aztarna batzuk topatu dituzte: harrizko zubien aztarnak, harrizko gurutze bateko oinarria eta antzinako harraska bateko harriak. Arrainak eta ahateak ere ikusi dituzte. “Baina aurkikuntza itsusiagoak ere eduki ditugu, batez ere kaskoan dagoen hormigoizko kajoia, zeharkatu duguna inolako zailtasun barik”. Elkartearen esanetan, oso txango interesgarria eta atsegina izan zen eta hura apirilaren 19an, domekan, errepikatuko dute animatzen diren guztiekin. Txangoa 09:30ean hasiko da plazan, eta 13:00etan amaituko da Kurutzen. Bertan 10 urtetik gorako lagunek hartu ahalko dute parte, eta neoprenozko jantzia behar duena elkartearekin ipini behar da harremanetan egun batzuk lehenago. “Praktika urbanistiko maltzurrek eta zoruaren espekulazioak ekarri dute Asua ibaia Lezaman lehenik estutzea, eta gero, porlanez estaltzea, berton blokeak eta kaleak eraikitzeko. Gaur egun, bakarrik uholdeak daudenean gogoratzen gara berarekin, eta ondare natural garrantzitsutzat jo beharrean, arriskutzat jotzen dugu”, azaldu dute elkartetik. “Orain hasi gara entzuten erreka berreskuratu eta aprobetxatu behar dela. Erreka eta Zamudiorainoko errepidearen artean pasealeku bat egiteko, beharbada; Ugarteraino luzatzeko, edo ubidea birnaturalizatu eta hiriguneko hormigoizko kajoia kentzen joateko…”. Bestalde, 10 urte bete dira Lezama Bizirik elkartea sortu zenetik. Domekan bertan, txangoaren ostean, bazkari bat egingo dute. Izena emateko, elkartearekin ipini behar da harremanetan, edo Oxangoiti tabernan ipiniko den zerrendan apuntatu. Elkarteak bazkariaren prezioaren zati bat ordainduko du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).