Arriskutsuak izan daitezkeen 16 leku identifikatu dira, eta arazo gehienak argi faltari egon dira lotuta
Argazkiak: Oihane Goienetxe eta DerioKOmunikazioa
Hamar emakumek osatutako lantaldea Derioko kaleetan zehar ibili da bi hilabetez, herriko hirigintza genero ikuspuntutik aztertzeko. Ekintza Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Derioko II. Planaren haritik egin da, eta alderdi bi hartu dira kontuan: segurtasuna eta irisgarritasuna.
Lanak emakumeek udalerrian zer arrisku ikusten dituzten jakitea eduki du helburu, baita lasai mugitzea eragozten dizkieten oztopoak identifikatzea ere. Horretarako, profil eta ohitura ezberdinak dituzten 10 emakume batu, eta lantaldea osatu zen. Emakume horien artean, neska gazte bi, zaintzaile bat, etxetik kanpo lan egiten duen ama bat, Sutondoan elkartearen presidentea eta Mankomunitateko Berdintasunerako teknikaria egon dira. Emakumeek zenbait arrazoirengatik arriskutsuak izan daitezkeen 16 leku identifikatu dituzte, eta arazo gehienak argi faltari egon dira lotuta.
Lantaldearen arabera, leku hauek ez dira batere seguruak gauez: Euskal Herria kaleko 4. eta 6. atarien artean dagoen lorategia, Larrabiko atzeko aldea, Urbasa gunea, Uribe parkea, Bakearen plazako arkupeak, Goiko kalea, Txosna parkea, Gaztelumendi plazako parkea, Butroi kaleko 5. eta 7. atarien arteko gunea eta Hariztiko pasabidea, Mungialde etorbiderantz. Leku arriskutsu horiek identifikatzeaz gainera, konponbideak ere proposatu dituzte, hala nola kale-argi gehiago ipintzea edo ondo ikustea zail bihurtzen duten landareak-eta moztea. Lupeko pasabideak eta tunelak ez dira, normalean, leku seguruak izaten. Emakumeen ustez, argiztatze nahikoa dago autopistako tunelean eta tren-geltokiko pasabidean; hala ere, aipatu dute autopistako tunelaren amaieran, eskuinaldean, bide bat dagoela eta ezin dela ikusi bertan inor ezkutatuta dagoen. Konponbide bezala, ispilu bat ipintzeko eskatu dute, izkina horretara ailegatu baino lehen, bidearen amaiera ikusi ahal izateko eta beste aldean norbait dagoen ikusteko.
Bestetik, irisgarritasun arloan arazoak topatu dituzte leku hauetan: Udaletxe ondoko haur-parkea, tren-geltokiko tunela, Urbasa gunea, Gaztelumendi plazako parkea, Mungialde etorbideko 16. atariaren ingurua eta San Isidro bidea.
Pintaketa iraingarriak
Beste proposamen batzuen artean, Urbasa guneko espaloia konpontzeko lanak egin beharko liratekeela esan dute. Izan ere, zuhaitzen sustraiak gorantz igo dira eta espaloia desitxuratu dute. Ondorioz, oso zaila da bertatik haur-aulki edo gurpil-aulki batekin pasatzea. Era berean, San Isidro bidean landaretza era egoki batean hazten dela kontrolatu beharko litzatekeela esan dute, landareek bidea ez estaltzeko, eta Mungialde etorbideko 16. atariaren inguruan pibote batzuk ipini ahalko liratekeela, autoek garajeetako sarreretan buelta ez emateko. Azkenik, uste dute lehentasuna eman beharko litzaiokeela pintaketa iraingarriak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurkako eraso zuzenak direnak, garbitzeari.
Maider Araitz Gorroño Martinek, Mankomunitateko Berdintasunerako teknikariak, aipatu digun bezala, diagnostikoak harrera ona izan du Derioko bulego teknikoan eta hasi da neurriak hartzen. Adibidez, argiak ipini dira Hariztiko pasabidean, eta piboteak Mungialde etorbideko 16. atariaren inguruan. Diagnostikoa Derioko webgunean jarriko da eskuragarri, eta ale batzuk utziko dira liburutegian.
Helburu nagusiaz gainera, proiektuak beste helburu batzuk ere lortu ditu, hala nola emakumeak eremu publikoaren erabiltzaile aditutzat hartzea, eta emakumeak ahulduntzea eta animatzea, herriaren erabakietan parte har dezaten. “Garrantzitsuena emakumeak protagonista bihurtzea da, eta haiei hitza ematea, beren bizitza hobetzeko neurriak hartzeko orduan”. Gorroñoren esanetan, Zamudiok eta Larrabetzuk ere jorratu dute hirigintza genero ikuspuntutik, eta gainontzeko herriek laster egiteko asmoa dute.