Asteburuan nekazaritza munduarekin dugu hitzordua,

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 16a, 10:03

Argazkiak: Gurpide eta Loiuko Udala

“Denon artean” azoka egingo da lehengo aldiz Lezaman Lezamako Nekazaritza Azokak bihar izango da eta berrikuntza bi ekarriko ditu. Alde batetik, azoka domekatik zapatura aldatu da, eta bestetik, izen berria ere edukiko du: Denon Artean. Izan ere, azoka Udala eta Saretzen elkartearen artean antolatu da aurten. Elkarte horretan herriko ostalariak, merkatariak eta enpresariak daude batuta. Nekazaritza azoka 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik eta, betiko moduan, produktu sorta zabala ipiniko da ikusgai eta erosgai: ortuariak, fruta, ogia, gazta… Era berean, erakusketak eta erakustaldiak egongo dira: bizikletak, argazkiak, barazki kontserbak… Eguerdian, herri bazkaria izango da, eta hainbat ekintza arratsaldean: tailerrak, kale antzerkia eta ipuin kontalariak, haien artean. Iluntzean, berbena bat egongo da. Beraz, azokaren formatua ere aldatuko da eta hemendik aurrera egun osoa iraungo du, herritarrei eta bisitariei aukera gehiago eskainiz. Enkarterria, gonbidatua Loiun Loiuko Gastronomia eta Eskulangintza Azokak 23. edizioa beteko du aurten. Domekan, egingo da eta, ohikoa den bezala, salmenta-postuak Herriko plazan, Alonsotegi plazan eta frontoian ipiniko dira. Bertara baserriko produkturik onenak eramango dira eta artisauen lanak ikusi eta erosteko aukera ere egongo da. Gainera, aurten Enkarterriko ekoizleak etorriko dira Loiura eta hango produktuak ezagutzeaz gainera, bertako txakur arraza, villanoa, eta ardiak ezagutzeko aukera ere edukiko dugu. Azokari 10:00etan emango zaio hasiera, eta 12:00etan Bizkaiko txakolina eta euskal baserriko oilaskoa dastatu ahalko da. Herri kirolek ere beren lekua edukiko dute azokan, 13:00etan erakustaldi bat egingo da-eta. Azkenik, 15:00etatik aurrera Erromeria egongo da Akerbeltz taldearekin. Loiukoa azoka beteranoa da eta urterik urte jendetza batzen da bertan. Urriko hirugarren asteburuan, beraz, hitzordu garrantzitsu bi edukiko dugu nekazaritza munduarekin. Baserrietako ekoizpenetatik onena, plazara beste behin Larrabetzun Urteroko legez, urriaren hirugarren asteburuan Larrabetzuko baserritarrek plazea kolorez, usainez eta zaporez beteko dabe, hamazazpigarrenez ospatzen dan azokan. Gurpide Elkarteak antolatuta Larrabetzuko Udalaren eta Jata Ondo LGEren laguntzagaz, aurtengo ekitaldian 18 baserri ezbardinek beraien eskaintza zabala plazaratuko dabe: txakolina, gazta mota ezbardinek, barazkiak eta frutak, arrautzak, barraskiloak, pastea, ogia eta opilak, eztia, landarak, egurgintzea... Urriaren 18an, domekaz, goizeko 11:00tatik 15:00ak arte produktu guzti honeek ezagutu, probau eta erosteko aukerea aparta egongo da. Herriko trikitilariek eta talogileek, beste behin, eguna girotuko dabe. Aurten, gainera, Gurpidek azoka aprobetxau gura dau herritarrei aurkezteko Larrabetzun agroekologia eta elikadura burujabetza lantzeko prestaten dabilan proiektua. Izan be, gai honeen inguruan ekimen ezbardinek indartu dira Larrabetzun: eskolako jantokia eta konpostajearen proiektua dira adibide nagusiak. Aldi berean, azkenengo urteetan gazte asko hurbildu dira herrira baserritik bizitzeko asmoagaz, baina arazo handi batekin topau dira: lurra lortzeko zailtasuna. Larrabetzun nekazaritzarako aproposa dan lur asko erabilera gabe dagoala jakitun, Gurpideren asmoa da lurrak utzi edota alokatzeko interesa daukaten lurjaubeakaz eta lur horreek erabilteko interesa daukaten gazteakaz bitartekaritza lanak egitea. Osagai guzti horreekaz, lurragaz, jantokiagaz eta konpostajeagaz, proiektu integral bat osatu gura dau Gurpidek, herritarren parte hartzea bilatuta.