Artista solidarioen bila

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 20a, 10:15

Estatu Batuetan, Black Friday, Bariku Beltza egunak Gabonetako erosketen sasoiari hasiera ematen dio, eta egun horretan izugarrizko beherapenak eskaintzen dira hainbat dendatan. Normalean azaroaren azken astean egiten da eta aurten azaroaren 27an izango da. Hurrengo egunean, azaroaren 28an, Fair Saturday, Zapatu Justua, egingo da, baina horrek ez du aurrekoarekin zerikusirik. Bariku Beltza kontsumoaren jai nagusia da, eta Larunbat Justua, aldiz, elkartasunarena. Hau da, egitasmo horrek artistek ekitaldiak eskaintzea eta bertan ateratzen duten dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batera bideratzea du helburu. Ohitura hori ez dute Ameriketan sortu, Euskal Herrian baizik, eta sortzaile haietako bat Aritz Lekerika derioztarra da. “Jordi Albareda nire laguna da eta bakoitzak Bilboko abesbatza batean abesten dugu. Iaz apur bat nazkatuta ibili ginen Black Friday kontu horrekin guztiarekin, eta egun horri buelta ematea pentsatu genuen. Eta horrela sortu genuen Fair Saturday”, esan digu Aritzek. Iaz 20tik gora kontzertu antolatu zituzten Bizkaian, batez ere Bilbon, eta 15.000 euro lortu zituzten. Guztira 16 GKEk jaso zuten diru-laguntza. Derioko Iparralde abesbatzak ere bat egin zuen ekimenarekin eta kontzertu bat eskaini zuen Andres Isasi Getxoko musika-eskolako abesbatzarekin. Aurten berriro egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dute zehaztu non. “Kulturak aberastasun ekonomikoa zein soziala ekartzen digu eta izugarrizko garrantzia du gizakion hezkuntzan. Guk hori guztia aintzat hartu nahi dugu azaroaren 28an. Beraz, gonbitea egiten diegu kultura eta elkartasuna uztartzen dituen proiektu honetan parte hartu nahi duten guztiei: kultur taldeei eta eragileei, aretoen jabeei, enpresei... Eta noski, mota guztietako artistei eta sortzaileei, hau da, argazkilariak, musikariak, eskultoreak, dantzariak, aktoreak.... Zapatu Justuari esker, gogora ekarriko dugu hainbat GKEk egiten duten lana, eta, bide batez, elkarte haiek laguntza txiki bat jasoko dute”. Mugimendua erabat librea da. Artista bakoitzak erabakitzen du zer egingo duen, nori emango dion dirua, zein baldintzatan, non arituko den... “Guk ez dugu sustatzaileak izan nahi, bitartekariak baizik. Era berean, Fundazioaren berri ematen dugu ahal dugun guztietan: gizarte-sareetan, esate baterako. Artista batzuek kalean jardun zuten iaz eta ekitaldia egin eta gero txapela pasatu zuten ikusleen artean dirua batzeko. Beste batzuek sarrerei esker lortutako diruaren zati bat bideratu zuten GKEetara. Bakoitzak nahi duena egin ahal du, guk ez dugu mugarik jartzen”. Euskal Herritik mundura Aurtengo edizioari begira, Fair Saturday ekimena zabaldu da eta 150 ekitaldi baino gehiago egingo dira Estatu osoan zehar. Bilbon, esate baterako, Alhondigak, Guggenheim Museoak, Arriaga antzokiak edo Euskalduna Jauregiak hartuko dituzte ekintzak, baita zenbait tabernak ere. “Oso helburu bilbotarra dugu, anbizio handikoa, eta hemen sortu badugu ere, munduko lau haizeetara zabaldu nahi dugu. Aurten, besteak beste, Madrilen, Asturiasen edo Bartzelonan antolatuko dira ekintzak, eta datozen urteotan Argentina, Brasil, Irlanda, Italia, Frantzia, Polonia edo Ingalaterra bezalako herrialdeetara eraman nahi dugu Zapatu Justua. Harrigarria da, ahoz aho zabaldu dugu mugimendua, eta uste baino askoz gehiago hazi da”. Edozeinek egin ahal du bat Zapatu Justuarekin, artista ezezagunek zein ezagunek. Azken horien artean, Fran Perea aktorea eta abeslaria, Rosana kantautorea edo Asier Polo biolontxelo-jotzailea aipatu ahal dira. Gainera hainbat komunikabidek eta erakundek hartzen dute parte mugimenduan: Operaren Lagunen Bilboko Elkartea, Bilboko Itsadarra Itsas Museoa, Campos Eliseos Antzokia, Bizkaiko eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak... GKEei dagokienez, Greenpeace, Vicente Ferrer Fundazioa, Aspace edo Gure Señeak bezalako elkarteek jaso dute Zapatu Justuaren diru-laguntzaren bat. Informazio gehiago: www.fair-saturday.org