Sinatze ekitaldia joan den barikuan izan zen Lehendakaritzan eta bertan 51 komunikabidek eta publizitate agentziak hartu zuten parte; Aikor! aldizkaria, tartean. Kode deontologikoa sortzeko prozesua BEGIRA Publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko Aholku Batzordeak duela urtebete ipini zuen martxan, zenbait komunikabide eta publizitate agentziarekin elkarlanean. Besteak beste, irizpide hauek batu dituzte kodean: emakumeak eta gizonak dibertsitate osoan erakustea, hainbat rol betetzen eta jokabide-eremu anitzetan; estereotipo sexistarik eta ezkutuko matxismoa gordetzen duten eredurik ez erabiltzea; hizkuntzaren erabilera androzentrikoa eta sexista saihestea; emakumeen aurkako indarkeria motaren bat dakarten argudio,esamolde eta irudiak baztertzea; askotariko edertasun modeloak sustatzea; emakumeen gorputzari lotutako prozesuak (hilekoa eta menopausia, kasu) prozesu natural eta osasuntsu moduan azaltzea; elkarrizketa eta artikuluetan, emakumeak eta gizonak pareko gisa tratzea; eta emakumeek dituzten zailtasunak eta arazoak eta gizartean duten zeregin funtsezkoa agerian jartzea.