Ausartak Lezamako antzerki taldearen partaideak eta zuzendaria buru-belarri dabiltza beren azken lanaren entseguetan. Izan ere, martxoraen 12an Bazen berriro ere antzezlana eramango dute Sondikako Kultur Etxeko (SKE) eszenatokira, Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik. Lehen aldia izango da hori bezalako areto batean ibiliko direla eta, normala denez, “ilusionatuta eta, era berean, apur bat beldurtuta gaude”.
SKEn antzezteko aukera Laiak Lezamako emakume taldearen eskutik etorri zaie. “Gaur egun arte, herriko Kultura Aretoan aurkeztu ditugu gure antzezlanak jendaurrean, baina, egia esan, leku eskasa da, eta elkartetik galdetu zitzaion Udalari ea beste nonbait egiteko aukerarik zegoen. Beharrezkoak egin ostean, Sondikan egin ahal zela erantzun zuten”. Ausartak-eko emakumeek eskertuta daudela aipatu digute, baina errespetua diotela SKEn aritzeari. “Gure emanaldietara 60 lagun inguru etorri ohi dira, eta SKEk 196 lagunentzako tokia du (lau toki elbarrituentzat). Erronka da guretzat, publikoari kalitatea eskaintzeko ahalegina beti egiten dugun arren, oraingo honetan jende gehiago egongo delako gu ikusten, eta ardura ere askoz handiagoa izango delako. Era berean, eszenatoki handiagoa da eta hura behar bezala bete beharko dugu. Detaileak ere arretaz zaindu beharko ditugu: arropa, argiak... Laburbilduz, beste maila batean arituko garela!”.
Emanaldia iluntzeko 8etan hasiko da eta sarrerak ordubete bat lehenago ipiniko dira salgai leihatilan. “Aldez aurretik ere eskura daitezke Lezaman bertan”. Bazen berriro ere antzezlanari buruz, aurreratu digute protagonistak ohiko ipuinetatik ateratzen direla gaur egungo garaietara egokitzeko. Aurtengo ikasturtean, jendaurrean antzeztuko duten laugarren lana izango da. Horrela, bada, emanaldia eskaini dute herriko jaietan, merkatariek antolatutako ekitaldi batean eta Azaroak 25aren inguruan egindako ekintzetan.
Erronkari aurre
Ausartak antzerki taldea Laiak emakume taldeak bultzatu zuen orain dela bederatzi urte, eta duela lau urte udal tailerra bihurtu zen. Entseguak “orain arte” emanaldiak eskaini dituzten leku berean egiten dituzte, Kultura Aretoan, eta beren egoera hobetzeko eskatzeko aprobetxatu nahi dituzte lerro hauek. “Ohiala, esate baterako. Komeriak egin behar ditugu hura zabaldu eta ixteko. Batek alde batetik bultzatu behar du eta besteak, beste aldetik”. Lezaman “behar bezalako antzoki bat” eraikitzeko eskatzeko ere aprobetxatu dute aukera, eta jendea antzerki taldean parte hartzera animatzeko. “Berdin dio adina, sexua, nongoa den... guztiak dira ondo etorriak”.
Lezamako Kultura Aretoan utzi ditugu Espe, Marivi, Bego, Estrella eta Ade, eta Bego, irakaslea. Gaur Rebecca, Sara eta Mari Jose ezin izan dira entsegura etorri. Agur esan eta berehala hartu dituzte paperak, antzezlanean buru-belarri murgiltzeko. Erronka handiari egin beharko diote aurre, baina beren taldearen izenak adierazten duen moduan, emakume ausartak dira, eta profesionalak. Horregatik ziur gaude matxoaren 12an SKEn batzen den publikoari gozaraziko diotena.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).