Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur aurkeztu du 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Lehenengo saioa apirilaren 10ean jokatuko da; eta finala, abenduan. Antolatzaileek azaldu duten moduan, txapelketak formatu berria dauka aurten. Hala, orain arte eskualdeko txapelketak jokatzen ziren udaberrian, eta bertsolariak horietatik sailkatzen ziren udazkenean jokatzen zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketara. “Orain, eskualdeentzako bestelako ekimenak prestatu dira, euren neurrira egindako formatuekin, eta txapelketari beste fase bat gehituko zaio: Udabarriko fasea.”
Inoiz finalistak izan direnak izan ezik, beste parte-hartzaile guztiek kantatuko dute hasieratik batera eta egokitzen zaien plazan. Horregatik formatu berri honek hasieratik beste bertsokide batzuekin eta beste plaza batzuetan kantatzeko aukera zabaltzen du. Udabarriko fasean 56 bertsolarik eman dute izena eta eskualde guztiek daukate ordezkaritza. Bederatzi saio egingo dira eta bertsolariak puntuazioz sailkatuko dira Udagoieneko fasera. Hori urrian hasiko da eta bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Kanporaketetara noizbait finalista izandakoak batuko zaizkie Udabarriko fasetik sailkatuei, eta orotara 30 lagunek hartuko dute parte bertan. Finalaurrekoetan, berriz, 2014an finalista izandakoak sartuko dira.
Udabarriko faseko bosgarren saioa Derioko Gurea Aretoan izango da apirilaren 30ean, 17:30ean. Bat-batean bertsolari hauek arituko dira: Aissa Intxausti Aburruza, Beñat Vidal Gurrutxaga, Imanol Uria Albizuri, Ion Barrocal Besga, Itxaso Paia Ruiz, Koldo Gezuraga Seijido, Mikel Goiriena Larrazabal eta Xabier Irakulis Agirre. Bestalde, Malen Amenabar Larrañaga larrabetzuarra Getxon, maiatzaren 22an egingo den saioan arituko da.Udabarriko faseko sarrerak txarteldegian bertan ipiniko dira salgai, saioa hasi baino ordubete lehenago. Hiru eurotan salduko dira; hala ere, bazkideek euro bi ordainduko dute, eta 16 urtetik beherakoak doan sartuko dira.
Zabua
Besteak beste, helburu hauek ditu aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa: Bertsogintzaren oinarria finkatu eta garatzea; komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egitea; txapelketa jendarte anitzaren isla izatea; Bizkaiko bertsolaritza azaleratzea; eta Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea. Txapelketaren irudia birziklatutako materialarekin egindako zabu arrosa bat da. Mugimenduan dago, alaia da, erakargarria, eta helburu honi erantzuna eman nahi du: Txapelketa jauzia izan behar da. Alde batetik, bertsolariak berak bere bertsokeran saltoa; eta bestetik, plazara saltoa. Helburu horiei biei erantzuteko, salto batekin irudikatu nahi izan dute txapelketa. Bertsolaritza zer den ere adierazi nahi izan da irudiaren bidez: “Hartu eskura daukaguna, eta egin dezagun zerbait ondo pasatzeko. Hau da: zabua. Bertsolaritzan berbak hartu eta moldatu egiten dira ondo pasatzeko. Eskuz egindako eta birziklatutako zabuan ere bai”.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).