1. argazkia: Lezamako egitasmoa; 2. argazkia, Larrabetzuko ikasleak saria jasotzen
Bizkaiko Foru Aldundiak Aktibatu+ programaren laugarren edizioa antolatu du aurten. Lezamako eskolak energiaren moduluko lehenengo saria jaso du, eta Larrabetzuko eskolak, bigarrena. Eskola bietako neska-mutilek aztertu zuten ikastetxean bertan zelan energia aurreztu: kontagailuak begiratu zituzten, teknikariekin hitz egin zuten eta kanpaina bat zabaldu zuten ikaskide eta eskolako langileen artean.
“Beti antolatzen dugu ingurumenari buruzko ekimenen bat eta aurten Aktibatu+ programan parte hartzea erabaki dugu. Oso onuragarria iruditzen zaigu. Izan ere, gazteek barneratzen dute ingurumena zaintzea bakoitzaren esku dagoela, hau da, guztiok neurri txiki batzuk hartzen baditugu, lagundu ahal dugu ingurumena zaintzen”, esan digu Luisma del Valle Lezamako eskolako ikasketa-buruak. Lezaman. 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu zuten parte proiektuan eta, irabazleak izateagatik, Metro Bilbaoren instalazioak bisitatzea jaso dute saritzat. Gainera, bidaia egingo dute metro bateko kabinan.
Bestalde, Larrabetzuko eskolak bigarren saria jaso du, antzeko proiektu bat egiteagatik. “Maite López irakasleak izena eman zuen programan. Oso pozik gaude, gurea eskola txikia delako eta guztiok inplikatzen garelako. Neska-mutilek gogor egin zuten lan hiru hilabetean eta, gure ustez, energia aurreztea eta, azken batean, ingurunea zaintzea oso garrantzitsuak direla ikasi dute”, esan digu Paloma Undagoitia Larrabetzuko eskolako zuzendariak. Larrabetzuko 3. mailako ikasleek Armañongo parketxera bisita bat jaso dute saritzat.
Aktibatu+ programa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta, eta iraunkortasunaren aldeko herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu. Txorierriko eskolekin batera, Busturialdea-Urdaibai, Mungialdea, Erandio, Getxo eta Leioako 18 ikastetxek hartu dute parte programan. Ikasleak bi modulutan aritu dira: alde batetik, energia-kontsumoa murriztea helburu duen moduluan; eta, bestetik, hondakinen ekoizpena murriztea, horien kudeaketa hobetzea eta erosketa-irizpide iraunkorragoak ezartzea helburu duen moduluan. Edizio honetan, oro har, ikasleek proposatutako neurriei esker, erabilera eraginkorragoa erregistratu da ikastetxe guztietan; hala, bataz beste, kontsumoa % 5 murriztea lortu da, eta batzuetan % 20an murrizteraino ere heldu da. Era berean, hondakin gutxiago sortzea, gaikako bilketa areagotzea eta erosketak modu iraunkorragoan kudeatzeko irizpide berriak finkatzea ere lortu dute.