Larrabetzun hasi da galdeketaren bidea

Aikor aldizkaria 2016ko abe. 1a, 10:35

a: Idoia Andrés

Euripean baina ehunka larrabetzuarren babes, sustengu eta berotasunarekin aurkeztu zuten azaroaren 4an, Larrabetzuko plazan, EBATZI elkartea; 2017ko udaberrian erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa antolatu eta bideratuko duen taldea. Azaldu zutenez, Gure Esku Dago egitasmoaren gerizan herri bakoitzak osatzen du bere plataforma; hori dela eta sortu zen EBATZI taldea. Taldeak jada izaera juridikoa dauka, eta aurkezpen-ekitaldia baliatu zuten Larrabetzuko Gure Esku Dago egitasmoaren lan-taldea osatzen duten ia hogei kideak aurkezteko. Modu horretan hasiera eman zaio erabakitzeko eskubidearen galdeketarekin amaituko den prozesuari, eta galdeketara heltzeko falta diren ekintza-sortari. Hasteko eta behin, ekitaldian aurreratu zutenez, behin elkartea legeztatuta, sinadura bilketari ekingo zaio galdeketa behin betiko eta modu ofizialean deitzeko. Horrez gain, 10 euroko laguntza-bonuak jarriko dituzte salgai aurki galdeketaren kostuei aurre egiteko. Bonu horiek salgai egongo dira, besteak beste, auzotar baten lagapenari esker EBATZIk zabaldu duen lokalean (BBKren lehengo bulegoa). Hain zuzen ere, EBATZIren nahia da prozesua guztiz gardena izatea. Hori dela eta, antolatuko diren ekintza guztiak, erabiliko den aurrekontua eta lortzen diren diru-sarrerak ikusgai egongo dira lokalean bertan. Beste alde batetik, iragarri zuten udaberrian egingo den galdera zein izango den erabakitzeko prozesu parte-hartzaile eta ireki bat jarriko dutela abian, ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten. Ekitaldian, Alex Zenarruzabeitia Gure Esku Dago egitasmoaren Bizkaiko koordinatzaileak ere hartu zuen berba, Euskal Herriko beste herri batzuetan epe labur-ertainean aurreikusten diren dinamiken berri emateko eta jada egin den herrietan ekimena nola gauzatu den azaltzeko. Horren haritik, aurkezpenaren momenturik hunkigarriena Ispasterreko ordezkarien eskutik etorri zen, emozioz beteriko mintzaldian ekainean burutu zuten galdeketaren esperientzia esplikatu zutenean. Egin beharreko urratsak aurreratzeaz gain, zera azpimarratu zuten Larrabetzuko Gure Esku Dago egitasmoko kideek, guztiz dinamika herritarra dela, ez dela alderdi politikoek antolatu duten ezer eta, horreegatik, talde eragilearen helburua herritar guztien parte-hartzea sustatzea dela. Izan ere, adierazi zutenez, "zenbat eta atxikimendu gehiago izan, orduan eta indar gehiago edukiko du herriaren hitzak", eta, beraz, “azken txanpari hasiera eman zaion honetan Larrabetzuko azken olatu honen partaide” izatera gonbidatu zituzten Larrabetzuko auzotar guztiak. Ispasterreko ordezkariek eman zioten amaiera ekitaldiari. Ostera ere igo ziren oholtzara, eta beraiek erabilitako hautetsontzia Larrabetzuko EBATZIko ordezkariei pasa zieten, “olatu hau adierazten duen erreleboa” irudikatze aldera.