Lehen unean harritu egin nintzen, berak ondo darabil euskara-eta. Geroago erraz ulertu nuen zure horretan gordetzen zen mezua. Mariak nirekin euskaraz berba egiten du, eta beste irakasle euskaldun batzuekin erdaraz aritzen da. Ez berak, ezta bere kideetariko askok, ez daukate helburuen artean Euskal Herrian integratzea. Euskaldunon hizkuntza oinarrizko maila instrumentalean ezagutzea nahiko dute. Fenomeno hau, gainera, herriz herri zein ikastetxerik ikastetxe hedatu da.
Oraingo milaka irakasle zein funtzionariorentzat, euskara berbeta funtzionala baino ez da, lanerako-edo balio duena. Elebidun bihurtzea ere -arrazoi askoren eraginez- desiragarria da, baina hain beharrezkoa ez.
Zentzuzko edozein irakasle edo funtzionariok ulertu du, honezkero, Gasteiz edo Iruñeko administraziotik eskatzen dena, alegia, euskara ikasi egin behar dela. Erabiltzea, ostera, beste kontu bat da. Eskatu izan balitzaie -lan-mundu guztiari bezalaxe- erabili egin behar zela, erabiliko zuten, ezen pertsonek helburuaren arabera jokatzen dute.
Mariak, borondate osoko zen sasoietan, “Ni Hautsontzikoa -Cenicero- naiz” azaldu zion euskaltegiko irakasleari, ikaskideen barre eta algara artean. Zoritxarrerako, irakasle hark ez zekien Cenicero non zen ere.
Mariak urte bi eman zituen zure hizkuntza estudiatzen, eta ikasi ostean, ez dio inork bihotza irabazi, zure hori neure bilaka dakion.