Klasikotasunaren eta freskotasunaren bidegurutzean

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 21a, 13:49

Hardcore.exeko raperoak

Baserri Antzokian 200 pertsonari kontzertua eskaini ostean, Hardcore.exe taldeko Kuko, Gemelo, PakeWake eta KolD, Reiro eta David raperoek, areto nagusiko pistan daude oraingo honetan, kafea hartzen. Taldeaz eta labetik atera berri duten Project HXi buruz aritu dira, Hardcore.exek urteurrena betetzeko zorian dagoelarik.

Zelan bururatu zitzaizuen Hardcore.exe taldea martxan jartzea?

10 urte daramatzagu rap-a egiten, bakoitza bere kabuz. Bada, joan den urtean taldea sortzea erabaki genuen eta Sondikako inauterietan eskaini genuen lehen kontzertua. Rapak Txorierriko zenbait gazte batu gaitu.

Zer nolako gaiak jorratzen dituzue?

Gehienetan adiskidetasunaren, jaien, ondo pasatzearen ingurukoak izan ohi dira. Adar-jotze erako Egotrip estiloa lantzen dugu. 

Eta baseak?

Interneten bilatzen ditugu. Normalean erabilera librekoak deskargatzen ditugu. Hala ere, gure asmoa rap beatmaker txorierritarra topatzea da. Ateak parez pare irekita dauzkagu proposamenetarako, argi gera dadila.

Erreferenterik?

Rap klasikoa eta adar-jotzekoa izanda, erreferente nagusia Violadores del Verso taldea da. Trap estiloa saihesten saiatzen gara (motelagoa, auto-tunea darabilena), eta 90. hamarkadako taldeen adar-jotze rapean zentratzen saiatzen gara. Klasikotasuna freskotasunarekin uztartuz.

Project HX da zuen lehenengo maketa. Nola definituko zenukete?

Bai diskoaren azala, bai edukia Nima Nourizadeh-en Project X filman oinarritutakoa da. Bertan, parranda eta kritika politikoa egiten dugu. Rap borrokalaria nabari da bertan, eta entzuleak hausnarketara bultzatu nahi ditugu. Horrez gain, hiruzpalau abesti adar-jotzaile dauzkagu ere bai (barreak).

Euskerak tokirik  badu?

Kontzertuetan bereziki bultzada handia ematen diogu: Sakatu Elektrotxaranga taldearekin harremanetan gaude. Musika konposatu digu euskaraz kantatzen diren abesti batzuetan, eta horiekin rap-ska estiloan kantatzen dugu. Gainera, bestelako abestiak dauzkagu euskara hutsean eta gehiago produzitzen jarraitzeko asmoa dugu.

Txorierriko labela darama Project HX-ek

KolDek soinu ikasketak ditu eta hiruzpalau hilabete eman ditugu grabaketa saioetan, Larrabetzun eta Bakion. Mikrofonoak eta soinu-txartela erosi eta gogor ekin genion lanari. Ikus-entzunezkoetan, informatikan eta soinuan baliabideak ditugun mutilak gara. Guztion artean aurrera ateratako proiektua da. Hirugarren pertsonen beharrik ez dugu izan, eta aberasgarria da, benetan.

Zertan bereizten zarete gainontzeko taldeetatik?

Beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzea gustatzen zaigu, nahiz eta bestelako estilokoak izan: ezerk ez gaitu musikaz gozatzeaz galaraziko. Sakaturekin egin duguna horren adibidea da. Txorierrin musika talde ugari daude, eta gehienen artean ez da ia elkarlanik egiten. Musikak muga horiek desegin beharko lituzke. Elkartasuna esatean ere taldeen arteko eta lokalek taldeei ematen dieten errespetuaz ari gara. Haranean zenbait tokitan izan gara eta badirudi raperoei ez gaituztela behar bezala aintzat hartzen. Badirudi askotan etxetik kanpo etxean baino hobeto tratatzen gaituztela.

Baserri Antzokian, ostera, ondo baino hobeto izan zineten, ezta?

Bai, noski! uste baino hobeto. 200 pertsona izan genituen aurrean eta giro izan zen. Tratu bikaina izan genuen, eta eszenatokia zein proiektorea itzelak izan ziren.

Zelan dabil Rap-a Txorierrin?

Txorierrin raperoak egongo dira, baina modu ofizialean ez dugu talderik ezagutzen. Euskal Herri mailan, esan daiteke gure generoa gainontzekoak baino gutxiago errespetatzen direla. Idazleak eta musikariak gara. Euskal Herrian gero eta rap talde gehiago daude. Irratia piztu eta Euskadi Gaztean entzun daiteken rap esanguratsuena Esne Beltzak egiten duen rap-fusioa da. Rap puruagatik ez da ia apusturik egiten.