Izpiritu kritikoa, bizitzan nabigatzeko

Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria 2017ko ots. 23a, 11:21

OHOko 8. mailan nengoela kontinenteen jitoaren inguruko lan bat egin behar izan nuen. Ohiko moduan, egiaren jabe zen Larousse entziklopediara jo beharrean, etxean neukan beste geologia liburu batean oinarritu nintzen, 1967koa, zeinek horrelakorik ez zegoela “frogatzen” zuen. Aurkezpen bitxia egin nuen gelan, eta Gabriel maisua harrituta utzi nuen… 

Bere zuzenketa ostean, niri tokatu zitzaidan.  Ezagutza txoko eta pertsona jakinetan zegoen. Informazioa ere bai, eta nahiko garbi, gainera, iturri mugatu horien beiraren kolorea. Beste pausu bat eman eta gehiago sakontzea, pribilegiatu gutxi batzuen eskura baino ez zegoen.

Sakelekoak orokortu direnetik informazioa nonahikoa da. BTEKera datozen 12 urtetik gorako gehien-gehienek dute mobila eta egunero internetera konektatzen dira(1). Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, 15-29 urte bitarteko % 99k sare sozialen bat erabiltzen du(2): Youtubeko bideoak ikusten dituzte, Snapchat zein Instagramen bidez argazkiak eta bideoak partekatu, Whatsapp edo Facebook, denetarik bidaltzeko…. Baina Enrique Dansek dioen bezala(3), ba ote dira benetan natibo digitalak gazte hauek? Ba al dira fake (albiste faltsuak)(4) edo guztiz partzialak direnak bereizten?

Stanford unibertsitatearen ikerketa baten arabera(5), gazteek zailtasunak dituzte, iragarki bat albiste batetik bereizteko edo nabarmenki gezurrak diren albisteak identifikatzeko. Aski da mezu edo meme(6) bat edozein saretan zabaltzea eta ez da kuestionatzen nork hasi duen, interes maltzurren batekin zabaldu den, ez eta oinarririk duen ere. Ikerketan, adibidez, deformatuta zeuden lore batzuk agertzen ziren ustez Fukushima inguruan dagoen erradioaktibitatearen eraginez. Hamar ikasletatik lauk froga garrantzitsutzat hartu zuten, nahiz eta inon ez zen agertzen nork eta non aterata zegoen.

 

Otsoa, ardiak zaintzen

Abenduan, Facebookek albiste baten egiazkotasuna zalantzan dagoenean abisua jarriko duela iragarri zuen(7). Baina, noski, informazioa manipulatzeko bide bat gezurrak zabaltzea bada ere, mezuen aurkezpen eta sailkapena zelan egiten den ere badauka eragin handia. Facebookek gure orrian berriak lehenesteko egiten duena hain zuzen ere. Otsoa, ardiak zaintzen, beste behin ere?

Lorenarekin bat nator(8), bide bakarra gure gazteak (eta gu) izpiritu kritikoan heztea da, geure buruari eta ingurukoei galderak egitea, errealitatearekin kontrastatzea… Interneten nabigatzeko ondo etorriko zaigu. Bizitzan nabigatzeko ere bai.

 

(1) Informazioaren gizartearen egoera Euskadin 2015, eustat.eus:

https://goo.gl/NE1Q4G 

(2) Gazteen Euskal Behatokia, sare sozialen erabilera:

https://goo.gl/ZtfoWR

(3) El pensamiento crítico y su desarrollo, Enrique Dans:

https://goo.gl/f3VrYK

(4) How Fake News Goes Viral: A Case Study, Sapna Maheshwari, New York Times:

https://goo.gl/0uZ2eW

(5) Evaluating information: the cornerstone of civic online reasoning, executive summary, stanford history education group produced with the support of the Robert R. Mccormick foundation:

https://goo.gl/VKrPFg

(6) Euskalterm: Sare sozialen edo posta elektronikoaren bidez hedapen zabal eta lasterra duen umorezko mezu sinplea; gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten aldaera satirikoa behin eta berriz eginez transmititzen da.

(7) Facebookek abisua emango du albiste bat zalantzazkoa denean, eitb.eus:

https://goo.gl/ QWmeXi 

(8) Pensamiento crítico en la era digital, @loretahur:

https://goo.gl/iOuAq1

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).