Taberna Ibiltariaren azkenaurrekoa

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 9a, 10:51

Orain dala urte bi, Taberna Ibiltaria taldeko lagunak egun batzuk pasau ebezan Zamudioko txoko baten, kanta batzuk grabatzeko asmoagaz. Harrezkero, euren lehenengo diskoa eroan eben kalera. “Behar genduazan baino kanta gehiago grabau genduazan”, azaldu deusku Alfon Atela kideak. Orain, bigarren beharra plazaratzea erabagi dabe, Taberna I2iltaria. Taldekideek helburu berari eutsi deutsoe: kantatzen daben bitartean ondo pasatzea eta euskal kantutegia, betikoa, zabaltzea.

Diskoren izenburuak hitz-jokua egiten dau, taldeko bigarren diskoa dala adierazoteko. Ganera, beste omenaldi bat egiten deutsoe Txetxu Arrillagari, orain dala urte batzuk hil zan taldekideari. “Lehenengo diskoa berari eskini geuntsan. Eta azken diskoaren aurreko orrialdearen argazkia Zumetxagako San Migelen –Bakio eta Mungiaren artean– atara dogu. Leku esanguratsua da, batetik, San Miguel Egunean, Txetxuk paellatxo bat han egiten ebalako; eta bestetik, Txetxu hil zanean, leku horretan landatu gendualako haretx bat. Tabernamobila be agertzen da azalean eta horrek islatzen dau taldea; lekuak eta haretxak, Txetxu”.

“Lehenengo diskoak espero genduan baino arrakasta haundiagoa lortu eban. Hasikera batean, 500 aleko edizinoa atara genduan, lagunen eta senideen artean banatzeko batez be. Baina Boiseko euskal jaialdira joan ginan eta bertan asko saldu genduazan eta, gainera, eskaera pilo bat jaso genduan. Esate baterako, Estatu Batuetako zaletu batek interes handia adierazo eban, diskoa erabat agortuta egon arren, eta azkenean disko bat bidali behar izan geuntsan postaz. Ez dakit kobrau geuntsan ala ez be (kar, kar)”. 

Azkenean, 2.000 ale plazaratu ebezan, bigarren diskoagaz egingo daben moduan. Banaketea be antzekoa izango da. “Ahoz-aho eta eskutik eskura. Diskoa eskuratu gura dauenak eskatu ahal deutso taldekideren bati; edo Facebooken bidez jarri ahal dau hartu-emonetan gugaz”. Disko bakotxak 10 euro balio dau, eta bildutako diruagaz gastuak betetzea espero dau taldeak.

Guztira 12 kantek, betikoek, osatzen dabe diskoa: Bagare, Eskola (Agure Zaharra), Greziako itsasontzia, Txalaparta, Lili bat, Loretxoa/O Bella Ciao, Gure lekukotasuna, Azken agurraren negarra, Eperrak, Udaberria, Xalbadorren heriotzean eta Guk euskaraz. Azken diskoan, zor antzeko bat ordaindu dabe Errobi taldeagaz. “Bere kantaren bat faltan bota genduan lehenengo diskoan, gure gaztetan oso talde garrantzitsua izan zalako”. Gaur egun kanta barriago batzuk be osatzen dabe euren errepertorioa –Berri txarrak, Ken Zazpi, Mikel Urdangarin...– eta horri esker, gero eta gazte gehiago dira Taberna Ibiltaria taldeko zaletuak. “Ziur asko kanta horreek be betikoak izango dira inoz”.

 

Giro ederra

Guztira, 25 kidek osatzen dabe Taberna Ibiltaria taldea. Halanda be, giro zoragarria dago euren artean. “Taldea ia gura barik sortu genduan, eta agian horregaitik ikaragarria da gure arteko hartu-emona. Taldea osatzeko kasting bat egin izan bagendu, ez geunkean hain talde atsegina izatea eta hain giro polita egotea lortuko. Hartu-emona hain da ona, ezen erabagiak beti aho batez hartzen doguzan”.

Bigarren diskoa labetik atara barri euki arren, hirugarrena eta laugarrena be badabez buruan. “Batu gura dogu barriro, kanta gehiago grabatzeko. Baten batek planteatu dau geure kanta propioak egitea eta ideia aztertzen gabilz”. Etorkizunean etorriko diran disko horreetan, Alfonek argi dauka kanta zehatz batzuk sartuko dabezalako. “Oskorri omendu gura dogu, talde horrek izugarrizko lana egin dauelako euskal kantutegiaren alde. Era berean, Fermin Valencia be kontuan euki gura dogu. Ferminegaz oso hartu-emon ona daukagu eta gurako geunke bere kantaren bat sartzeaz ganera, berak be kantatzea. Ferminek ez dauka berak grabatutako diskorik, oso kanta politak euki arren”. Taberna Ibiltariataldeak azkenaurrekoa ordaindu dau...

 

 

Talde aitzindaria

Taberna Ibiltariak 17 urte beteko dauz martxoan. Hutsune bat betetzeko sortu eben taldea. “Garai baten ez zan tabernetan hainbeste abesten. Egun baten, Bilboko Alde Zaharrean jentea gure atzetik hasi zan kantatzen. Eta guk gitarra bat besterik ez geunkan!”. Handik aurrera, tabernetan kantatzeko ohiturea berpiztu egin da eta Taberna Ibiltaria bezalako talde gehiago sortu dira. Txorierritarrak aitzindariak izan dira. “Gure atzetik, herri askotan topau ahal dozuz betiko kantak jorratzen dabezan taldeak: Sestao kantuz, Bilbo kantari... Eta eurei esker, gaur egun asteburu guztietan betiko kantez gozatzeko aukerea dagoala esango neuke. Leku baten ez bada, bestean”, dino Alfonek.

Taberna Ibiltaria talde arrakastatsua da. “Gure arazoa da leku guztietara ezin garala heldu. Batzuetan hiruzpalau eskari jasotzen doguz asteburu baterako eta ezetz esan behar dogu. Hau komeria! Txantxetan hau esaten dogu: Bakarrik ezin dogu Euskal Herria salbatu. Besteek lagundu beharko deuskue (kar, kar). Eta horretan dabilz, zorionez, gero eta talde gehiago sortzen diralako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).