“Gospela euskaraz egiten duen talde bakarra gara”

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 27a, 11:36

The Upper Room, talde gipuzkoarra

Azken bolada honetan, behin eta berriro hurbildu da Txorierrira The Upper Room gospel taldea. Abenduan, besteak beste, Lezaman eta Derion egon ziren. Donostiarrek gospel musika euskaraz egiten duen talde euskaldun bakarra osatzen dute eta hori aitzakia ezin hobea da eurekin hitz egiteko.

Ez da batere ohikoa Euskal Herrian gospela egitea. Zelan hasi zineten?

The Upper Room taldea 2005ean sortu genuen Donos­tian. Mikel San José abeslaria da eta ni neu, Iñaki Miguel, piano-jotzailea. Mikel eta biok The Croppers rhythm and blues taldean ezagutu genuen elkar. Talde horrek rocka eta bluesa egiten zituen, baina niri gospela betidanik gus­tatu izan zait. Kon­tzertuak ikusten nituen, diskoak erosten nituen... Mikeli ere bai, eta egun batean erabaki ge­nuen gospel bikotea osatzea. The Upper Room taldea gospela euskaraz egiten duen talde bakarra da munduan.

Izena nondik dator?

In the upper room gospel kanta famatua da. Eta hortik har­tu genuen gure izena. The upper room edo goiko gela metafora bat da, eta zerua edo Jaungoikoa da­goen lekua aipatzen du. Gospe­la oso musika espirituala da eta askotan kantek Jaungoikoari buruz hitz egiten dute. Beraz, oso izen aproposa iruditu zitzaigun.

Gospela beltzek sortu zuten. Arraroa da zuriek gospela abestea?

Ez, inondik inora. Egia da duela 60 urte gizartea Estatu Batuetan erabat bananduta zegoela: beltzak, alde batetik; eta zuriak, bestetik eta gaur egun ere nahiko bananduta dagoela. Horren isla da bakoitzak bere gospel mota jotzen duela. Gospel beltzak blues edo soul ikutuak ditu; zuriak, aldiz, country ikutuak. Eta geurea zuria da, gu zuriak garelako eta gure soinua ere bai. Dena dela, gospela hainbat estilotako nahaste handia da eta batzuetan era batean jotzen dugu eta besteetan, beste era batean. Eta ho­rrexegatik, hain zuzen ere, izugarri gustatzen zait gospela: itzel gustatzen zaizkidan estiloak batzen dituelako: rocka, bluesa, soula... Koktel zoragarria da!

Gospela eta euskaraz. Hori bada oso bitxia...

Bai. Hasiera batean, ingelesezko bertsioak abesten genituen, baina pixkanaka-pixkanaka geure kanta propioak hasi ginen lantzen. Eta orduan, geure buruari hau galdetu genion: “Eta zergatik ez euskaraz?”. Eta horrela hasi ginen.

Nolako errepertorioa duzue?

Eus­karaz, ingelesez... Denetarik daukagu, gure errepertorioa oso zabala baita, baina batez ere hiru kanta mota ditugu: guk egindakoak, guztiak euskaraz; bertsioak, euskaraz ere bai; eta gospel musikako betiko kanten bertsioak, ingelesez. Gehienak geure kanta propioak dira, % 80 gutxi gorabehera. Esate baterako, Oh happy day kantarekin hasten ditugu kontzertuak, baina euskarazko bertsioa landu dugu, Egun alaia.

Jendeak zelan hartzen du gospela euskaraz?

Ez dakit. Uste dut gehienei arraro egingo zaiela, gospel musika euskaraz entzutea arraro-arraroa delako. Hala ere, lehenengo ustekabea pasatzen denean, jendea gustura dago. Orain arte jaso du­gun erantzuna oso ona izan da: publikoa alai agertzen da, kontzertuetan parte hartzen du, gogor txalotzen dute...

Gospela normalean abesbatzek egiten dute, baina zuek bikotea baino ez zarete...

Tira, formaturik ezagunena da abesbatzena, baina ez bakarra. Jazz musikari dagokionez, esate baterako, hainbat eratan aurkeztu ahal duzu: kontrabajo, gitarra eta bateria, big band moduan... Gos­pelean ere gauza bera gertatzen da. Ma­halia Jackson da gospelen erregina eta askotan piano batek lagunduta agertzen zen eszenatokian. Gu bikotean agertzen gara, baina laster beste gauza bat egingo dugu. Izan ere, aurten argitartuko dugu disko bat eta hori banda oso batekin grabatu dugu: bateria, bajua, organoa eta abesbatza. Disko horrek 10 kanta dakartza eta guztiak, guk egindakoak eta euskaraz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).