Baliabideak partekatzeko plataformak

ZuriƱe Aboitiz 2017ko mar. 29a, 12:34

Gogoratzen duzu orain ez dela asko aldizkarien orriak mozten genituela gustatzen zitzaizkigun gauza guztiak batera edukitzeko? Karpeten banatzaileetan itsatsita, adibidez, edo sukaldeko errezeta liburu zahar horren orrien artean. Txukunagoa zenak, beharbada, plastikoetan sartuta izango zituen, dena ondo ordenatuta.

Gaur egun, artikuluak Interneten daude, aldizkariak tabletetan irakurtzen ditugu eta argazkiak Google-n bilatzen ditugu. Baina gauzak ez dira hainbeste aldatu, dena era berean egiten jarraitzen dugu: gustatzen zaizkigun horiek gorde eta gureak egiten ditugu, nahi dugunean begiratu ahal izateko. Hori dela eta, Interneten sortu dira baliabideak eta gustatzen zaizkigun gauzak gordetzeko eta partekatzeko plataformak.

Oraingoan, plataforma bi erakutsiko dizkizuegu: lehenengoa oso ospetsua eta bigarrena, sortu berria.

 

Pinterest-en ez badago, ez duzu inon aurkituko

2008an sortu zen, hau da, orain dela 11 urte, eta dagoeneko jende askok ez du Internet imajinatzen Pinterest barik. Sortzaileek "ideien katalogo nagusia" dela esaten dute, eta ez dabiltza batere oker.  Erabilera oso erraza da. Demagun urtebetetze opari berezi bat egin nahi duzula, zeure kabuz. Aukera bi dauzkazu: edo Google-n bilatu eta hainbat orritan sartu edo Pinterest-en bilatzailean hitz gakoak jarri eta era bisual batean beste erabiltzaileek gordetako irudi guztiak ikusi, eta gehien gustatzen zaizuna aurkitzen duzunean, sakatu.

Ideiak gehiegi badira eta hurrengo baterako gorde nahi badituzu egin behar duzun bakarra panel bat sortzea eta bertara igotzea da. Beste webgune batzuetan aurkitzen dituzun argazki eta artikuluekin gauza bera egin dezakezu. Horrela, dena batuta izango duzu.

Pinterest-en beste erabiltzaileak jarraitzeko aukera ere badago eta, horrela, pertsona horrek partekatzen dituen gauzak ikusteko aukera izango duzu. Beharbada, beste batek emango dizu hainbeste urtetan bilatzen ari izan zaren errezeta hura.

www.pinterest.com

 

Euskaraz? Bai, noski

Interneten euskaraz dauden gauzak aurkitzea ez da batere erraza. Seguru aski, behin baino gehiagotan nekatu zara nabigatzailean orriak eta orriak zabaltzen, zer edo zer interesgarri bilatu nahian, edo umeek eskolan ikasitakoa birpasatzeko materialaren bila. Azkue Fundazioak plataforma berria kaleratu du, Interneten dauden euskaraz idatziriko baliabideak batzeko eta hedatzeko asmoarekin. Nahiz eta batez ere ikastetxe, irakasle eta ikasleei zuzenduta egon, edozein gauza sar daiteke, gauza berriak ikasteko edota norberak sortutako baliabideak edo Interneten ikusitakoak igotzeko.

Hainbat motatako errekurtso batuta aurki ditzakezu: irudiak, aurkezpenak, soinu grabaketak... Guzti-guztiak, euskaraz. Ken Zazpi taldeko Ilargia kanta ukeleleagaz jotzeko grina daukazu? Emakumearen partaidetza bertsolaritzan aztertu nahi? Biokimikako oinarriak zeintzuk diren jakin nahi? Sar zaitez eta Klikasi-k eta hainbat erabiltzailek ematen dituzten aukera guztiak aztertu.

www.klikasi.eus

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).