Nabigatzailearen hizkuntza oso garrantzitsua da garatzaileentzat. Izan ere, euskarak duen presentzia txikia bada, ez dute garatzeko hizkuntzatzat joko. Hau da, euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko.
Ildo honi jarraituz, Aikor! aldizkaria online irakurtzen dutenen % 87k gaztelaniaz dute nabigatzailea; % 6k, ingelesez; eta bakarrik % 5ek, euskaraz. Datu horiek garatzaile batek hartuko balitu, pentsatuko luke Aikor! aldizkariak eskaintzen dituen edukierak gaztelaniaz idatzita daudela. Gainera, euskara baztertuko luke lan egiteko orduan, erabiltzaile gutxi badaude, ez duelako merezi haiei zuzendutako zerbitzuak eskaintzea.
Gai horren inguruan hausnarketa bultzatzeko eta euskararen erabilera Interneten areagotzeko, PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntax enpresak, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu dute. Lan-taldeak sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten % 3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (% 10 inguru), baina oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (% 70-80 bitartean).
Erabiltzaileei eta webguneen arduradunei deia
Horregatik, nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatu dute aipatutako erakundeek. Kanpaina erabiltzaileei eta webguneen arduradunei dago zuzenduta. Alde batetik, sustatzaileek erabiltzaileak gonbidatu dituzte nabigatzailea eta mugikorra euskaratzera. Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari. Aldaketa errazteko baliabide bi sortu dituzte: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa.
Horrez gain, haur, nerabe eta gazteei euskaraz nabigatzearen garrantzia azaltzeaz gainera, aipatutako baliabideak ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea da helburua. Horretarako, Interneten ere, lehen hitza euskaraz unitate didaktikoa prestatu da. Unitate didaktiko hori Ikastolen Elkarteko ikastoletan landu dezaten bultzatuko da, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabiltzera animatu dituzte antolatzaileek.
Bestetik, webguneen arduradunei ere euskara lehenesteko deia egin diete sustatzaileek. Hau da, haien webguneek berez lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cokieen esku utzi beharrean.