“Lantokietan dago sindikalismoaren benetako indarra”

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 26a, 14:49

Ainhoa Etxaide, LAB sindikatuaren idazkari nagusi ohia 

Maiatzaren Lehenaren haritik, Ainhoa Etxaide LABek Txorierrin antolatutako ekintza batzuetan hartu zuen parte. Aikor! aldizkariak aukera aprobetxatu zuen Etxaiderekin, besteak beste, sindikatuari eta gaur eguneko egoera sozio-politikoari buruz hitz egiteko. Etxaidek asteburu honetan utzi du LABeko idazkaritza nagusia eta hau da eman duen azken elkarrizketetako bat.

Euskal Estatua izan da LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenaren haritik zabaldu duen mezu nagusia. Zergatik behar dugu langileok gure Estatua?

Ez dugu eskatzen bakarrik gure naziotasuna ziurtatzeko, baizik eta gure herria hobeto eraikitzeko. Eta langileok hartu behar dugu parte prozesu horretan. Zergatik aurten? Estatus politikoaren inguruko eztabaida mahai gainean dagoelako, autogobernuaren ponentzia eskatu delako. Gure ustez, EAJk Legebiltzarrera mugatu nahi du eztabaida. 1978an lapurtu egin ziguten eztabaida hori, eta 2018an gauza bera egiteko asmoa dagoela uste dugu.

Politikari batzuk kexatzen dira sindikatuetako lagunok politikaz hitz egiten duzuelako. Zer erantzungo zenieke?

Guk pobreziaren eta prekarietatearen kontra borrokatzen dugu. Eta hori ez da arazo ekonomikoa,  gaur egun dagoen aberastasunarekin guztiok ondo bizi ahal garelako. Beraz, arazoa politikoa da, hau da, sortzen den aberastasunarekin zer egin nork erabakitzen du? Politikari buruz hitz egiten dugu, bai horixe. Bizkaiko eta Euskal Enpresarien Konfederakuntzek (Cebek eta Confebask), behin eta berriro egiten dituzte aldarrikapen politikoak eta Eusko Jaurlaritzak horiei txalo egiten die. Guk politikari buruz hitz egiten dugu, gobernuak hartzen dituen erabaki guztiak patronalaren aldekoak direlako.   

Krisia dela-eta, langileon baldintzak okerragoak dira. Maiatzaren Lehena bezalako egunak gero eta beharrezkoagoak dira, ezta?

Bai, baina erantzun kolektiboak ematea hori baino garrantzitsuagoa da. Eta hori da gaurko sistemak gehien zigortzen duena. Diskurtso ofizialaren arabera, sindikatuok ez dugu ezertarako balio. Argi dago alde bi daudela eta bakoitzaren interesek talka egiten dutela. Gaur egun, langileen mugimenduaren jatorrietara itzultzen gabiltza: gobernuak sistema kapitalista indartzen du, eta horren kontra langileok egin ahal dugun gauza bakarra geu antolatzea da.  

Batzuek leporatzen dizuete sindikatuoi gauza gutxi egin duzuela lan-baldintzak hobetzeko...

Argi dugu krisia aprobetxatuta egin dituzten inposizioak ez ditugula gelditu. Baina zenbat gehiago lortuko zuten, sindikatuok hemen tartean egon ez bagina? Bestetik, sindikalismo mota asko dago. Haietako batek, gurea ez denak, aspaldian babesten ditu gobernuaren politikak. Euskal Herrian dugun gehiengo sindikalak, aldiz, karta soziala eskatzen du eta langileen mobilizazioan sinesten jarraitzen du. Sindikatuok ezin izan ditugu gehiegikeria batzuk gelditu, baina lortu dugu alternatiba bat ematea. Eta hor dago euskal sindikalismoaren balioa: ez diogu gure ardurari uko egin eta ez dugu alternatiba bat eraikitzeko bidea baztertu. Eta ziur gaude bide horretatik, langileria erakartzea lortzen badugu, apurka-apurka egoera aldatu egingo dela.

Sindikatu bakoitza bere kabuz doa. Batera arituko bazinete, ez zinatekete indartsuagoak izango?

Bai, aurtengo Maiatzaren Lehenean, aurrekoen aldean, aurrerapausoa eman dugu zentzu horretan. LABek eta ELAk argi dugu elkarrekin indartsuagoak garela eta konpromiso hori zabaltzen gabiltza. Baina elkarlana lantokietan bilatu behar da, ez bakarrik zuzendaritza postuetan, hau da, 12.000 delegatuak gauza izan behar dira elkarlanean egiteko. Hori da elkarlan sindikala eraikitzeko zailtasunik handiena, hor dagoelako sindikalismoaren benetako indarra. Laster Kongresua izango dugu LABen eta han espero dut elkarlanaren aldeko erabakiak hartzea. Beste alde batetik, karta sozialaren bidez, mobilizazioak suspertzeko ahaleginak fruituak emango ditu.

 

 

 

 

Bizitza erdia, LABen

Ainhoa Etxaide (Hondarribia, 1972) 15 urte zituela sartu zen Ikasle Abertzaleak sindikatuan. “Garai hartan, 1990eko hamarkadan, lan krisia egon zen eta gazteok oso kritikoak ginen sindikatuekin eta, noski, LABekin, gazteengandik urrun zeudelako: Aldi Baterako Laneko Enpresak nagusi ziren, gazteok % 50eko langabezi tasa genuen… Kritika horiek guztiak LABek jaso zituen 1996ko Batzordean eta izugarrizko autokritika egin zuen. Beraz, sindikalismoa kritikatzen badugu eta eurek autokritikan oinarritutako eztabaida bat egiten badute, gu inplikatu beharko ginateke. Eta horrela sartu nintzen LABen”.

Etxaide emakumezko lehenengo idazkari nagusia izan da. “1996an LABeko idazkari nagusia emakumea izango zela erabaki zenean, benetan estrategikoa den bideari eman zitzaion hasiera. Batetik, zor historikoa dago emakume langileekin; eta, bestetik, sindikalismo berriak emakumea aintzat hartu behar du. Duela gutxi Kuban egon naiz, Consejo Presidencial Mundialek egindako batzar batean. Guztira 92 ordezkari egon gara eta haietako bi baino ez emakumezkoak. LABeko afiliatuen %35 baino gehiago emakumeak dira”.

Maiatzaren 25ean eta 26an, LAB sindikatuak Biltzar Nagusia egin zuen eta horretan Etxaidek idazkaritza nagusia utzi zuen. “Beste atal bat idatzi behar da eta hori talde berri batek egin behar du. Ardura nagusietan gaudenok jakin behar dugu noiz eman lekukoa. 2008an Rafa Diez ordezkatu genuen, sindikatua berritzeko asmoarekin, eta hori lortu dugu”.  

 

Zortzi urte

Etxaidek zortzi urte eman ditu karguan, urte gogorrak eta aldakorrak. “Krisiak eztanda egin du; kapitalari boterea eman zaio gure kontra; Euskal Herrian egoera politiko berri bat dugu; ezker abertzaleak estrategia aldatu du... Ur handietan itsasontzi hau gidatzea egokitu zaigu eta onik atera gara: inoizko ordezkaritza handiena dugu; Comisiones Obreras sindikatuari aurrea hartu diogu hemen; Nafarroan ari gara sendotzen; Ipar Euskal Herrian, CGT sindikatua kontran saiatu arren, enpresa txikietara zabaldu gara; afiliazioa igo egin dugu…”.

Etxaide sindikatuan geratuko da, zuzendaritzari laguntza ematen. “Berreskuratu nahi dut idazkari nagusia izan baino lehen nuen herriko dinamiketan parte-hartzeko aukera: auzoko jai-batzordean, presoen aldeko taldean… Bizimodua aldatuko zait, baina jarraituko dut langileen borrokan parte hartzen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).