Lehen bezala orain ere, 1. eta 2. lineekin trasbordatu, leku eta baldintza berberetan egiten da: Zazpikaleetan, eta bigarren bidaia bat ordainduta. Baina bigarren bidaia hori txorierritarroi baino ez zaigu kobratzen, Kukullagatik Matikora bitarteko erabiltzaileek beste linea biak erabili baititzakete bidaia bakarra ordainduta. Eta onartezina da txorierritarronganako diskriminazio hau.
Horiek horrela, sinadura-bilketak egin genituen han-hemenka; eta denetara 3.000 sinadura baino gehiago jaso genituen. Gainera, kexa-gutunak igorri genizkion Arartekoari, eta Lezaman, Udalak aho batez onartu zuen eskaera honekin bat egiteko mozioa ekaineko udalbatzan. Bestalde, tren-zerbitzudun herrietako alkateak garraio-partzuergoko arduradunekin biltzea lortu genuen, baina esku hutsik itzuli ziren, baliozko emaitza zehatzik gabe, nahiz eta egia den konpromisoa agertu zutela "txorierritarren interesen defentsan aritzen" jarraitzeko.
Orain, uda igaro eta pilak kargatu ostean, galdera da: zeintzuk dira hurrengo urratsak? Bada, lehenengoa, herri diferenteetan izandako ekimenen bultzatzaileak mahai baten inguruan bildu, egindakoak errepasatu, eta emateko urrats posible horiek eztabaidatu. Eta horixe egin genuen gutun honetako sinatzaileok, pasa den irailaren 11n; hortaz, esan dezakegu txorierritarrak antolatu egin garela, eta aurrerantzean modu koordinatuan arituko garela trasbordoa ordaindu beharraren diskriminazioa ezabatu arte.
Urratsei eurei dagokienez, hiru ekintza-lerro hauetan aurrera egitea erabaki genuen:
1. Lezaman aho batez onartu zen mozioa, edo antzekoak, Txorierriko beste herrietako udalbatzetan aurkeztea.
2. Garraio-partzuergoko arduradun politikoekin batzartzea gu geu, alkateak gurekin etorrita.
3. Gure aldarrikapenaren berri emateko Txorierriz kanpoko hedabideetara jotzea (egunkariak, irratiak...), baita bestelako informazio-kanpainak abiatzea herri- eta eskualde-mailan.
Azkenik, jakinarazi nahi dizuegu ekimen hau edozein txorierritarrentzat dagoela zabalik; gurekin kontaktatu nahi izatekotan, bidali mezu bat helbide honetara: linea3txorierri@gmail.com.