Bihar-edo jakingo dugu Puigdemontek Kataluniako errepublika independentea aldarrikatuko duen, edo hauteskundeetara deituko duen. Zein da zure susmoa?
Independentzia aldarrikatzeari dagokionez, zalantzan nago. Nire ustez, gabetzea bertan behera utzi eta beste hitz-joko bat egingo da, zalantza mantentzeko. Ez dakit zer gerta daitekeen, baina norabide biko hordagoa botako den susmoa dut, jendearentzat une honetan ulertezina dena. Instituzioetatik esaten diete herritarrei baketsu mobilizatzeko, egin beharrekoa egiteko… eta haiek ez dute ezertxo ere egin. Egin duten gauza bakarra independentzia aldarrikatzea-edo izan da, eta handik hiru segundora hori gabetu. Governi dagokionez, ez naiz zer gertatzen ari den ulertzeko gauza; eta Espainiako gobernuari dagokionez, ez dago inongo borondaterik, jakina. Apur bat frustragarria eta etsigarria da, ematen duelako inork ez duela nahi prozesua amaitzea. Alde biak dabiltza nork bere opilari ikatza ematen. Eta hau bakarrik independentzia aldarrikatuta amaituko da.
Eta zer deritzozu, 155. artikulua ekiditeko, Governek hauteskundeetara deitzeari?
Paradoxikoa da lehenik botoa ematea debekatu izana eta gero botoa ematera behartzea. Zentzugabekoa da eta hauteskunde horietara deitzen bada, demokraziaren aldeko alderdiek ez lukete aurkeztu beharko.
Kataluniako autonomia ez da etengo, baina, independentzia aldarrikatzen bada, hiru neurri ezarriko dira 155. artikuluaren haritik: Governa kargugabetzea, Mossoen agintea hartzea, eta Kataluniako irrati-telebistan esku hartzea. Gainera, hemendik sei hilabetera Katalunian hauteskundeetara deitzeko asmoa du Espainiako gobernuak . Zer pentsatzen duzu neurriei buruz?
Espainiako gobernuak procésa ez amaitzea nahi duela uste dut. Zenbat eta luzeagoa izan, ahalik eta hobeto berarentzat, Estatua zentralizatzeko operazioa egin ahal izateko. Bestetik, batzordean dagoen pertsonetariko bat Alberto Fabra da, Valentziako Generalitateko presidentea izan zena, Valentziari egindako arpilatzearen erantzuleetariko bat, eta Canal Nou desagertzeko erantzuleetariko bat. Gaiari seriotasunez heldu behar zaio, ez delako lehenengo aldia telebista publiko batean esku hartzen dutela.
Genovatik gezurtatu duten arren, PP alderdiko sektore batzuek Kataluniako alderdi independentistak legez kanpo uzteko eskatu duten zurrumurrua zabaldu da.
Bete daitekeen mehatxua da. Baina onartezina izango litzateke Europako herritarrentzat, nahiz eta nazioarteko komunitatea kontserbadorea izan eta horretan ez sartu. Argudio politikoa baino ez da, eta ez dauka justifikaziorik, ez ordena arloan, ez lege arloan. Justifikazio bakarra herria preso politikoa bihurtu nahi izatea da.
Sanchez eta Cuixart espetxeratu izana, politika epaien bidez egiten den adibidea izan da?
Bai, hori da 78ko Estatu konstituzionalaren sorrera. Lehenengo eta behin, preso politikoak ez direla esan dute, politikariak ez direlako, eta politika haiek esaten dutena delako. Sanchez eta Cuixart oso figura inportanteak dira, kalean prozesuaren zati bat bultzatu dutelako, eta abisua izan da. Hala ere, kargudun publikoen kontrako errepresioa hasi bezain pronto, kartzela-zigorrak-eta, nazioarteko bataila galduko dute.
Zelan bizi zenuen urriaren 10a?
Ez nekien zer espero. Askori gertatu zitzaien moduan, liderrek traizioa egin ziguten sentsazioa eduki nuen, uste dudalako, herritarren aginduari eta referendum eta iragankortasun legeei jarraituta, independentzia aldarrikatu behar izan zatekeela. Baina egia da ez dakigula zelako azpiko mugimenduak eta nazioarteko presioak dauden tartean. Beraz, oraintxe bertan, oso zaila da analisia egitea, etengabe erratu barik.
Eta urriaren 1a?
Bartzelonan izan nintzen. Hautesleku batzuetara hurbildu nintzen eta poliziaren kargen lekukoa ere izan nintzen. Sekulako egoera izan zen. Ez nuen Bartzelona horrela ikusi globalizazioaren kontrako manifestazioak egin zirenetik hona. Ilusioa nagusi, ilara handiak egon ziren hauteslekuetan eta boluntarioek imajinazio handia erakutsi zuten, hautestontziak eta txartelak ekartzeko, eta dena egoki ibiltzeko. Bestetik, poliziaren erasoei lasaitasunez eta modu baketsuan eman zieten erantzuna. Herri duintasun handia erakutsi zuten.
Zure ustez dagoen konponbide bakarra aipatu duzu hasieran: independentzia.
Bai, herriaren nahia, hau da independentzia, legalki azaltzea. Baina hori lortzeko ematen diren erdiko urratsek ezin dute ekarri ez gogo faltarik, ez frustraziorik. Munduan gauza txarrik badago, hori politikoki frustratuta dagoen herria delako. Aldaketa handiak etorriko dira independentziarekin. Eta ez bakarrik errepublika, baizik eta parte hartze demokratikoaz oso kontziente diren herritarrek osatutako errepublika bat, gauzak aldatzeko ahalmena dutela badakitenak, eta beharrezkoa izanez gero, herriak parlamentua eta instituzioak gaindu ahal dituela dakitenak. Estatua kontra egonda ere, eta Europa alde edo kontra egonda ere, independentzia gertatuko da, munduko beste herri batzuetan ere gertatu delako.
Hurbiletik
Xátiva, 1976 (Valentzia). Feliu Ventura kantautoreak 1993. urtean eman zion hasiera bere musika ibilbideari eta zortzi lan kaleratu ditu handik hona: Barricades de paper eta Musica y Lletra, tartean. Lluís Llachekin batera biran ibili zen 2005. urtean, Que no s´apague la llum lanarekin. Javier Muguruzarekin egin du kolaborazioa, eta memoria historikori buruzko liburu bat idatzi du, gazteei zuzenduta dagoena: Com un record d'infantesa. Lotura handia du Kataluniarekin, eta bertan lagun minak izateaz gainera, hainbat urtetan bizi da Bartzelonan. Kataluniako Herrien independentziaren aldekoa da.