Hiruka, Anboto eta Baleike argitalpenek jaso dute TOKIKOM Saria

a: Ibai Arrieta 2017ko urr. 30a, 13:23

 

Sari-banaketa barikuan egin zen Usurbilgo Sutegi auditorioan, eta ekitaldira 70 lagun inguru batu ziren, hainbat erakundetako ordezkariekin batera. Sariak bigarren aldiz banatu dira aurten.

 

Kazetaritza atalean, Uribe-Kostako Hiruka astekariak jaso du “Azalik onenaren saria”, Itsasadarrean, bizirauten lanagatik. Epaimahaiak argazkiaren kalitatea zein portadako elementuen diagramazio garbia eta orekatua hartu zituen kontuan, bere erabakia hartzeko orduan. “Edukirik onenaren saria” Durandaldeko Anboto astekariak aurkeztutako Martxoak 31 monografikorako izan da. Epaimahaiak hauek nabarmendu zituen: Durangoko bonbardaketaren urteurrenaz jarduteko erabilitako formulen aniztasuna, lekukotzen eta kolaborazioen aberastasuna, eta tratamendu grafikoa. Azkenik, “Ikus-entzunezkorik onenaren saria” Zumaiako Baleike aldizkariari eman zioten, Tapa-Pala bideo-sortaren bigarren denboraldiagatik. Iazko edizioan aipamen berezia jaso zuen arraunaren inguruko bideo kanalak, medio gutxirekin egindako zabalkunde lan eder eta mamitsuagatik. Aurten, gainera, alde teknikoan egindako hobekuntzek harritu dute epaimahaia: planoen aukeraketa, argiztapena eta grafismoa, tartean.

Bestalde, aipamen berezi bi egon ziren. Alde batetik, Hiruka astekariaren udako ale berezia: Uribe Kostako astekariak zenbaki berezi bat atera zuen udan, herriz herriko jai guztien egitarauak batuz. Egitarau hori, gainera, internetera ere eraman zuen, mapa interaktibo batera. Informazioari trataera transmedia emateko ahalegin hori aitortu nahi izan du epaimahaiak aipamenarekin. Eta bestetik, Puntua astekariaren genero berdintasunarekiko konpromisoa: Hainbat lan aurkeztu ditu Puntuak sariketa honetara, eta epaimahaiak goraipatu nahi izan du lan horietan zeharka ikusten den genero berdintasunaren aldeko konpromiso praktikoa. Aurtkeztutako lanen artean bada genero berdintasunari buruzko monografiko bat, komunikabideentzako gidaliburutxo bat gai hauen inguruan, ekainaren 28an argitaratutako zenbakia eta haren portada berezia.

Publizitate atalean, saria eman da aurten lehenengo aldiz eta hori Erronkariko Gazta sustatzeko telebistarako spotak eraman du. Lana Labrit Multimediak egin du eta epaimahaiak hauek eduki ditu kontuan saria emateko orduan: aspaldiko euskalkiak amu moduan betetzen duen funtzioa; iragarkiak ondare gastronomikoa eta kulturala lotzeko egiten duen ariketa; bailararen inguruan ematen duen ikuspegi gaurkotu eta anitza; eta adin zein sexu aniztasun eta berdintasuna zaintzeko ahalegina.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).