Antolatzaileek atzo aurkeztu zituzten aurtengo azokaren xehetasunak. Esandakoaren arabera, 400 nobedade aurkeztuko dira (257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, bost bideo eta bestelako 27 sormen), 240 stand ipiniko dira, 129 parte-hartzaile izango dira, eta guztira 200 ekitaldi egongo dira.
Nerea Mujikak, Gerediagako presidenteak, Azokara joateko gonbitea egin die kulturzaleei. “Abenduaren 6tik 10era denon artean bizia emango diogu Sormenaren Lurraldeari. Ederra da erronka, ezta?”. Mujikak azokaren aurrekontua ere eman zuen ezagutzera: 646.000 euro. “Aurrekontu horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da. Alde batetik, euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez; eta bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona”. Estimatzen da Azokan inbertitzen den euro bakoitzetik 10 etortzen direla bueltan.
Mujikarekin batera, Azokako zortzi guneetako arduradunek ere hartu zuten parte Azokaren aurkezpenean: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Itziar Elias (Szenatokia), Gorka Julio (Kabi@), Lutxo Egia (Ahotsenea), Iban Etxebarria (Plateruena), Oihane Agirre (Azoka TB) eta Esther Soto (Areto Nagusia). Bakoitzak bere gunearen egitaraua eta nondik norako nagusiak azaldu zituen. Beste urte batez, azokazaleek hamaika aukera izango dute egitarauaz gozatzeko: solasaldiak, kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, ibilbide luzeko sortzaileak, hasiberriak, argitaletxe handiak, autoekoizleak, formatu handiko ekitaldiak…
Sormen beka
Bestalde, Gerediagako presidenteak esan zuen moduan, aurten ez da Argizaiola saria emango, eta bere ordez sortzaile berriei eskainitako beka aurkeztuko da. Hala, iraganera begira ipini beharrean, etorkizunari begira jarriko da Azoka. “Hogeita bost urtez ahalegindu gara, Argizaiola Sariaren bitartez, gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen. Eta beste hainbeste urtez jarrai genezake eskerrak ematen, eta ziur aski ez genuke sekula amaituko. Baina hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu”.
Argizaiola Sariaren 25 urteko ibilbideari errepasoa egin eta sortzaile berrientzako beka aurkeztuko da “Omentzetik Ereitera” ekitaldian. Hori abenduaren 8an, 20:00etan, izango da Szenatokian.
Egitarau osoa www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke. Bere aldetik, Zamudioko Udalak autobusa ipiniko du abenduaren 6an Durangora joateko. Autobusa 09:30ean aterako da Txorierriko etorbideko garalekutik, eta 14:30ean itzuliko da. Bidaiak euro bat balioko du, eta bakarrik zamudioztarrek hartu ahalko dute.