Euskeraz eta ozenki

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 23a, 11:13

Euskerearen Eguna Larrabetzun ospatuko dogu aurten. Txorierriko Mankomunidadeko Euskera Zerbitzuak egitarau oparoa prestau dau Larrabetzuko Kultur Bilgune eta Darabilgu lantaldeagaz batera. Txorierritar guztiei zuzendutako ekintzak izango dira eta Laura Martinezek, euskera teknikariak, azaldu deuskuz gakoak.

Ekintzei azaroaren 26an emongo deutsie hasierea. Egun horretan, eta 12:30ean, Larrabetzuko ondare linguistikoa liburua aurkeztuko dabe Jubiladuen etxean. “Larrabetzuko azken 100 urteetako euskerea jaso da bertan eta, horretarako, hainbat alkarrizketa egin jake herritarrei. Lan potoloa da, bost lagunen artean egin dabena. Bost urte emon dabez alkarrizketak egiten eta materiala jasotzen”.

Euskerearen egoerea azaroaren 30ean aztertuko dabe Anguleri kultur etxean, 19:00etan, egingo dan mahai-inguruan. Ekitaldian Eneko Bidegain idazle eta kazetariak, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) Iratxe Ibarrak hartuko dabe parte. Abenduaren 1ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen txanda izango da. Frontoian ikuskizun berria aurkeztuko dabe 18:00etan: Borobilean. Txispamendi gurasoen alkarteak antolatutako ekintzea da hori. “Ostean, Taberna Ibiltaria arituko da. Giro polita sortuko dala uste dogu, pailazoen ikuskizunera hurbiltzen diran familiek bat egingo dabelako “musika saio ibiltariagaz”. Gainera, umeek betiko kantak ezagutzeko aukerea eukiko dabe”.

José Ramón Soroiz eta Iker Galarza aktoreek Erdibana antzezlana ekarriko deuskue abenduaren 2an. Hitzordua eskolako jantokian ipini dabe 19:00etan. “Oso antzezlan erakargarria da eta aktoreak be ezagunak baino ezagunagoak dira. Jentea erakarriko dabe, ziur. Baina arratsalde horretan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen azken saioa izango da eta ez dakigu guk bertsozaleek kale egingo ote daben…”. Seguru aski,  horreek zein gainontzeko txorierritarrek galduko ez daben ekitaldia domeka arrastiko bertso saioa izango da. Baina hori baino lehen, goizean, euskerearen aldeko adierazpena irakurriko da 13:00etan, plazan, eta ostean, Gaztelumendi abesbatzak eta umeek musika emonaldia eskainiko dabe. Arratsaldean, eta lehen esan moduan, bertso saio musikatua egongo da Alaia Martin, Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran bertsolarien eskutik: Ez da kasualitatea. “Bertso saio berezia da eta emakumeen ikuspuntutik dago landuta. Zoritxarrez, askotan kostatzen da bertso saioetarako emakume bertsolariak topatzea, eta, ikuskizunaren izenburuak adierazoten dauan moduan, ez da kasualidadea oholtza gainean ibiliko diran bertsolariak eta gai-jartzailea be emakumezkoak izatea. Musikariak be egongo dira. Oso saio polita da eta uste dogu jentea hurbilduko dala”. Eskolako seigarren mailako ikasleak bertsolaritza lantzen dabiltza ikasgelan eta hareek edukiko dabe bertsolariak publikoari aurkezteko ardurea. Bertso saioa 19:00etan izango da eskolako jantokian. Euskerearen Eguna abenduaren 3a da, eta saioak amaiera bikaina emongo deutse ospakizun ekintzei.

 

 

Eskoletan

Txorierriko eskoletako eta institutuko ikasleek be eukiko dabe zer ikusi eta zertaz disfrutau. “Azaroaren 27an, Asier Kidam magoa ekarriko dogu 10-11 urteko gaztetxuentzat. Aurretik be izan da Txorierrin eta, egia esan, oso mago ona da. Zirika Zirkus taldeko pailazoek lau urtetik sei urtera bitarteko umeentzako saioa aurkeztuko dabe azaroaren 28an, eta hurrengo egunean, azaroaren 29an, Petresku etzi ez etsi bertso antzezlana eskainiko da zazpi urtetik bederatzi urtera bitarteko umeentzat. Antzezlanean, Errumaniatik Euskal Herrira etorri dan neska baten eta bere familiaren gorabeherak azaltzen dira.

Po Hesietatik ikuskizunak,poesia, olerkia eta inprobisazioa uztartzen ditu. DBHko bigarren mailako ikasleentzako saioa da eta hareek aldez aurretik, ikasgelan, landu beharko dabe zein gairen gainean arituko diran saioan. Hori abenduaren 4an izango da. Azkenik, Txorierritmoz musika topaketak egingo dira abenduaren 5ean, DBHko laugarren mailako ikasleentzat. Vendetta taldeko Pello Reparaz eta María Rivero musikaria solasean ibiliko dira gaztetxuekin eta beren galderak erantzungo dabez.

“Aurreko urteetan moduan, aurtengo egitarauak herritar guztien parte hartzea bultzatzea du helburu, ahalik eta adin-tarterik zabalenetara ailegatu, mota ezbardinetako ekintzak antolatu, eta euskeraren erabilerea sustatu”. Horren haritik, hain zuzen be, aitatu beharra dago euskerearen erabilerak jarraitzen dauala konpondu bako kontua izaten. “Euskereraren ezagutzea igo egin da Txorierrin, gero eta jente gehiagok daki euskeraz, baina, beste herri eta eskualdeetan gertatzen dan moduan, beste gauza bat da erabilera. Ekintzak egiten dira hori bultzatzeko, esate baterako, Berbalagun egitasmoa edo orain esku artean dogun Euskara 365 egun egitasmoa, halanda be… Nire ustez, gakoa norberarengan dago. Txipa aldatu behar dogu, bai modu pertsonalean, bai familian zein lagunen artean, lehenengo hitza beti euskeraz izan dadin. Eta bideak topau behar dira horretarako”.

Euskerearen Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiek gure hizkuntzea errebindikatzeaz gainera, beren ekarpena be egingo dabe txip aldaketa hori gero eta gertuago izan daiten. “Eskerrak emon gura deutsedaz egitarauaren antolaketan parte hartu daben guztiei. Oso ekintza erakargarriak doguz eta, eguraldia lagun, espero dot jentea Larrabetzura hurbilduko dala”.     

 

Anari, Tximintxen eskutik

 

Aurreko alean esan moduan, Tximintx Derioko euskera alkarteak Derion AHORA kanpaina ipiniko dau martxan azaroaren 30etik abenduaren 3ra arte. Kanpainak herrian bizi edo lan egiten daben 365 lagunek aitatutako egunetan euskera hutsez aritzeko erronkari eustea dau helburu. Egitasmoa bat dator euskera alkarteak Euskerearen Egunaren haritik antolatutako ekitaldiakaz.

Hala, kanpainaz gainera, Anariren kontzertua be egongo da Tximintxen eskutik. Kontzertua abenduaren 1ean, 21:30ean, izango da Txorierriko Baserri Antzokian, Derion. Sarrerak zortzi eurotan ipiniko dira salgai Txepetxa AEK euskaltegian eta Baserri Antzokian. Kontzertuaren egunean bertan 10 euro balioko dabe.

Bestetik, magia ikuskizuna be antolatu dabe Euskerearen Eguna ospatzeko. Imanol Ituiño magoak saio ibiltaria  eskainiko dau tabernaz taberna, abenduaren 1ean, 21:30etik aurrera. Magoa taberna honeetan arituko da: Irrintzi, Adarve eta Sugoi. Azkenik, abenduaren 3an, ekitaldi nagusia egingo dabe 13:00etan. Datozen egunotan, xehetasun gehiago emango dabez.

Bere aldetik, Txorierriko udal euskaltegikoak Handia filma ikustera joango dira azaroaren 30ean. Filma egun horretan estreinatuko da euskeraz Derioko Gurea aretoan. Emanaldi bi egongo dira: bata, goizeko 10:00etan; eta bestea, arratsaldeko 18:30ean. Sarrera doakoa izango da emanaldi bietan.

Zamudion, Irrien Lagunak klubekoek ikuskizuna eskainiko dabe abenduaren 2an, 12:00etan, Zamudiotorren. Lagatzu euskera alkarteak antolatutako ekintza da. 

Aurreko lerroetan aipatutakoak orain arte jaso doguzan ekintzak dira. Ziur asko, gainontzeko herrietan be ekitaldiak antolatuko dira. Beraz, adi egon!