Pozez kanta daigun

a: Jon Goikouria Larrabeiti 2017ko abe. 22a, 09:24

Luzea baino luzeagoa da Gabon-kanten zerrendea. Batzuk tradizinoz jaso doguz. Beste batzuk modernoagoak dira eta ikastoletan landu dabez. Eta beste batzuk musikariengandik ikasi doguz. Era berean, klasikoen euskerazko bertsinoak egin dira, eta dagoaneko Mari Domingik be badau bere abestia. Oraingo honetan ohiko Gabon-kantetan ipiniko dogu arretea, eta horretarako, Labayru Fundazinoaren Oles ta Oles lana (1997) hartuko dogu erreferentziatzat. 

Lana urte-sasoien bilduma da, eta Euskal Herrian urtearen ziklo tradizionalari lotuta erabili izan diran eta bizirik dirauen ohitura-sortea plazaratzea dau helburu. Liburuaren hitzaurrean adierazo daben moduan, Oles ta Oles dira Eguberrietan eta urteko beste aldi batzuetan koplariek eske-errondetan kantatzen dabezan lehen berbak. Oles berbea lehenengo agurra egiteko erabilten zan aspaldian, eta errespetua eta begirunea adierazoteko. Gaur egun, nekez agertzen da eske-kantuotatik kanpo eta oles egitea, edo oles ta oles ibiltea, gehiago erabilten da etxerik etxe eta auzorik auzo koplari ibiltea adierazoteko.

Neguko zikloaren abestiei San Nikolas egunean, abenduaren 6an, emoten jake hasierea Oiartzun aldean. Eta hilaren 16an Marijesiak hasten dira. Marijesiak Euskal Herri osoan, eta inguruko herrietan be, kalerik kale kantaten ziran Gabon-kantak dira, historia sakratua azaltzen dabenak: Gabonak dira eta (Gernika), eta Nazaretako tenplu santuan (Zeberio).

Beste batzuen artean, Egubarri-gauan egur-puska handi bat erreteko ohitura egoan baserrietan. Bere errautsek balio magikoa eben ustea egoan, eta etxekoak zein etxabereak zaintzeko erabilten ziran. Egur horrek izen asko euki dauz euskeraz: Olentzero-enborra, Onontzaro-enborra, Gabon-subila, Suklaro-egurra… Liburuan jaso daben moduan, Olentzeroren inguruko usadio eta ekandurik indartsuenak Nafarroako ipar-mendebaldean izan dira, Bidasoa ibaiaren ibarrean gehienbat. Herriko umeek aldean eroien ikazkin itxurako panpina edo, beste testigantza batzuetan jasotakoaren arabera, herriko gazte batek egiten eban Olentzerorena, eskuan kriseilua eroaiala. Beste kasu batzuetan, panpina edo gizakiaren irudikapenagaz batera, neska-mutilek Belengo portala be eroaten eben andetan. Haur eta gaztetxoek Gabon giroko kantuak abesten ebezan. 

Olentzero abestiagaz batera, Egubarri-gauan eta Natibidadean abestu ohi diran kantak be batu dabez liburuan. Berri onakin gera kantuak Egubarri inguruko ohituren ezaugarri nagusiak batzen dauz. Koplak Itsasondon bildu dira eta ospe handia hartu dabe. Kopla-multzo bi dagoz: lehenengoan, egun horretako ospakizunaren barri emoten da; eta bigarrenean, koplariak ahalegina egiten dau bisitatzen dabezan etxeetako kide guztiei kopla bat eskaintzeko. Oles ta Oles abestia, esate baterako, bigarren kopla-multzo horretakoa da. Etxeko kide bakotxari eskainitako koplen bidez, etxekoen bihotza behatzen saiatzen ziran eta, halan, bere benetako helburua lortu: diru apurren bat edo jatekoren bat. Gaur egun, toki batzuetan erdi galduta dagozan arren, usadioa Euskal Herriko eskualderik gehienetakoa zan. Eta jakien ganean bagabilzala, aitatu beharra dago Gabon inguruko kantuen artean sarritan azaltzen dirala otordu berezi eta ugarien aitamenak, hala nola Dringilin Dron (Aramaio) eta Ez dauko bexiguak (Otxandio).

Eleiza-giroa

Gabon-kantatzat hartzen doguzan gehienak eleiza-girotik urten eta kantari taldeetan edo abesbatzetan txertatu egin dira. Liburuan azaldu daben moduan, oinarri-oinarrian herri-tradizinotik jasotako ereduak ez badira be, ezin da ukatu ospakizunotako giro horretan betekizun handia dabela. Adibide bi emon dabez: Oi Bethleem eta Airerik ederrenetan. Biak dira oso ezagunak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.  

Eta konturatu barik, urtearen azken egunera ailegau gara. Gabon Zaharrean abesten diran kantuen artean Dios te salve dago (Ziburu). Eta Ur goiena, ur barrena (Urdiain eta Larraun), uragaz lotutako erritua islatzen dauena. Gabon Zaharrean, gaueko 12etan, herriko gazteek iturriko uraz bete ebezen ontziak, gero herriko guztiek ha edateko. Izan be, egun horretan, eta hamabi kanpaiak jotzeagaz batera, munduko ur guztiak birjaio egiten ziran ustea egoan, eta ur hori edango ebana babestuta egongo zan. Bide batez, gazteek jatekoren bat be jasoten eben, ura banatzen ebiltzala.

Saran, Bestetako ongi nago abestea ohikoa zan Urtebarri egunean. Herriko gazteek etxerik etxe joaten ziran eskean. Elantxobeko umeek, besetalde, Urte barri, barri abesten eben.

Azkenik, Bizkaia aldean ohikoa izan da Erregeen Egunean be abestea. Lanaren egileek Gernikan, Arratian eta Mungian abesten ziran kantuak jaso eta Erregeak datoz abestian batu dabez. 

Ondorio moduan, egileek aitatu dabe abesti horreek guztiek bizitasun handiko indarra izan dabela, eta indar hori oraindino badabela gure artean. Nabarmenak gaztetxoen eta haurren eske-kantak eta errondak dira. Euskal Herri osoan zabaldu dira, eta bai Gabon-egunaren inguruan bai Urtebarrian zein Erregeen eguneko ospakizunetan azaltzen dira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).