Taxia hartzea garestia da, “baina garraio segurua da, etxeko atarian bertan uzten zaitu eta gidariak alkoholik edota drogarik hartu ez duen konfiantza eduki dezakezu. Osterantzean, arriskuan ipini lezake bere bizimodua”, esan digute. “Gainera, ondo pentsatzen baduzu, ez da hain garestia ze parrandan ibili ostean, isuna ipintzea edo gidatzeko baimena kentzea garestiago atera daitekeelako. Gainera, taxiaren gastua lau lagunen artean partekatu daiteke”.
Raquel orain dela 10 urte hasi zen taxiarekin. “Enpresa-ikasketetan lizentziatua naiz, baina ez nuen lanik topatzen. Aitak erretiroa hartu zuen eta erabaki nuen nik jarraituko nuela”. Eta Boni, orain urte bi eta erdi hasi zen. “Lan egiten nuen enpresa itxi egin zuten eta aukera bat izan zen”. Ordu asko ematen dira taxian, eta lana estresagarria da. Auto-ilarak ere badira egunerokoaren parte. Horregatik, bien esanetan, errepidea gustatu behar zaizu; eta horrela ez bada, egokitzea beste erremediorik ez dago. Hala ere, taxiak alde ona baduela aipatu digute: lanorduak oso malguak direlako. “Norberak ipintzen du ordutegia, eta gaur ordu gutxiago egin badituzu, bada, bihar ordu gehiago egiten dituzu eta kito. Lan honek askatasun handia ematen dizu, esate baterako, medikuarenera edo izapideak egitera joateko orduan, edo seme-alabak eskolara-eta eraman behar izanez gero”. Euren iritziz, eta familia bakoitzaren beharrizanen arabera, taxia aukera egokia izan daiteke etxera soldata, edo soldata osagarria, eroateko.
Txorierriko taxiak gris kolorekoak dira eta zein udalerritakoak diren, arau batzuetara edo besteetara egokitu behar dira, herri bakoitzak bere ordenantza duelako. Hala ere, baldintza amankomunak bete behar dituzte. “Taxiaren goiko aldean, sabaian, modulu identifikagarri bat eraman behar dugu, eta hor azaldu lizentziaren zenbakia, udalerria…; eta bidaiari bat eroaten badugu, tarifa ere bai. Tarifak Eusko Jaurlaritzak arautzen ditu. Zerbitzu publikoa den xafla (SP) ere eraman behar dugu, baita dagokigun udalerriaren zerrenda identifikagarriak ere. Bestetik, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) urtero pasatu behar dugu, nahiz eta autoa berria izan. Taximetroaren IATa ere aztertu behar dugu, eta Udalak egiten digun azterketa. Gizarte-segurantzarekin eta Foru Ogasunarekin zorrik ez dugun egiaztagiria eduki behar dugu, eta arrunta baino hiru aldiz garestiagoa den erantzukizun zibileko asegurua. Garraio-txartela bi urtean behin berritu behar dugu. Txartel hori norbere udalerritik bidaiariekin irten ahal izateko baimena da”.
VTC
Aipatutakoak taxi-gidariek bete behar dituzten baldintzetariko batzuk dira. Eta hainbeste baldintzaren artean, arazoak eta eskaerak ere badituzte. Guztiok ezagutzen dugu taxi-gidariek Uber eta Cabifay bezalako enpresekin duten borroka. “Turismo-automobil gidaridunak (VTC) beti egon dira. Zerbitzu hori orain urte bira arte egon da araututa, eta 30 taxiko VTC bat egon da. Baina bat-batean hutsune legal bat izan da eta VTC lizentzia asko eskatzen ari dira. Guk onartzen dugu lehia egon behar dela, baina uste dugu guztiok maila berean aritu behar dugula. Horrela, bada, eskatzen dugu 30-1 proportzio hori berriz ipintzeko, eta guk lizentzia transferitzeko hamar urte itxaron behar badugu, eurek ere 10 urte itxaron dezatela. Izan ere, eurek 30 euro-edo ordaintzen dute agiriengatik, eta gero lizentzia dirutzaren truke saltzen dute. Espekulatu egiten dute. Gainera, guk ezin dugu taxia beste lan batekin uztartu, eta haiek bai”. VTCak ezin dira geralekuan egon, bezeroak deitu arte itxaron behar dute, eta aldez aurretik ezarritako prezioarekin lan egiten dute. “Horien presentzia nabaritu dugu. Min egiten diote sektoreari”.
Taxi-gidarien beste eskaera bat sektorearen konpetentzia guztiak Eusko Jaurlaritzari transferitzea da. “Horrela, adibidez, euskal garraio-txartela eduki ahal izango genuke. Foru Aldundiak gaur egun ematen digun garraio-txartela Estatu osoan da baliagarria, eta guk eskatzen dugu berton lan egin ahal izateko txartel propio bat. Bertoko VTCek ere edukiko lukete txartel hori, baina ez Estatukoek. Era berean, gatazka egonez gero, azken hitza Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak edukiko luke, eta ez Auzitegi Gorenak”.
Mundua konpontzen
FEMADE elkartearen barruan dauden 64 taxietatik, bat Zamudioko geralekuan dago, udaletxe aurrean; bat, Derioko geralekuan, udaletxearen aurrean; eta besteak, aireportuan. Gainera, aireportukoak txandaka ere ibiltzen dira Sondikako geralekuan, batzoki ondoan. Taxi-gidarien artean bost emakume daude. “Gutxi gara eta guztiak taxi-gidarien familietatik gatoz, baina Bilbon, adibidez, emakume pilo bat sartu dira eta askorentzat taxiarekin lehen harremana izan da”, azaldu du Raquelek.
Aireportuan lan handia dagoela ematen du, baina taxi-gidarien esanetan, ez da horrela. “Egia da momentu batzuetan eskaera handia dagoela, batez ere goizeko lehen orduetan eta iluntzeko azken orduetan, exekutiboak etorri eta alde egiten dutelako, baina gainontzeko orduetan, askotan, batez beste ordu bi eman behar ditugu itxaroten. Eta zelan? Ahal dugun moduan, pelikulak ikusten, irakurtzen, mundua konpontzen… Abendua, esaterako, oso hilabete txarra da guretzat. Eta uda ere ez da ona, bidaiarien bila senideak-eta etortzen direlako. Gu enpresa-mugimendutik bizi gara, despistatu direnen lepotik eta atzeratu diren hegaldietatik”.
Asteburuetan, gauean, Txorierrin ez dago taxi-eskari handirik, baina batzuek bai eskatzen dutela zerbitzua, gehienbat jaietan edo berandu egin bazaie. “Arriskurik dagoen? Gauez lan egiten denean, ez da jakiten nor hartuko duzun, baina oro har hemen ez dago arrisku-sentsaziorik. Gurea zonalde pribilegiatua da, batez ere aireportuan gaudelako eta Parke Teknologikoetako lagunekin-eta lan egiten dugulako”.
Taxia eskatzeko:
Taxi Txorierri App