“Magoen artean ez dago sekreturik”

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 8a, 11:17

Asier Kidam l magoa

Beti esaten da magoek ez dituztela euren trukoak ezagutzera ematen, baina Asier Kidam (Gasteiz, 1984) magoak salbuespena azaldu digu: jendeari ez, baina magoen artean, bai, ordea. Asierrek Larrabetzu bisitatu zuen Euskararen Eguna zela-eta, eta, besteak beste, magia eta euskarari buruz hitz egin dugu berarekin.

Euskararen Egunaren haritik etorri zara gurera. Oraindik behar dugu gure hizkuntza aldarrikatzeko eguna?

Urteko egun guztiak euskararenak izan beharko ziren, baina tira, behintzat urtean behin horretan ardura berezia ipintzea ondo dago. Baikorra naiz euskararekin. Ni gasteiztarra naiz eta han, esate baterako, orain dela 15 urte, oso nekez entzuten zen euskara kalean; gaur egun, ordea, ez da hain arraroa. Pixkanaka-pixkanaka goaz. Batzuek uste dute euskara titulua ateratzea dela, baina euskaraz bizi eta gozatu behar da.   

Batez ere euskaraz ala gaztelaniaz egiten duzu lan?

Batez ere Euskal Herrian egiten dut lan eta % 90 euskaraz egiten dut. Izan ere, umeei zuzendutako saioak Euskal Herrian euskaraz antolatzen dira normalean.

Abizena, Kidam, nondik dator?

Quidam Cirque du Soleil konpainiak egindako ikuskizuna da. Txikitan ikusi nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Nik idazkera aldatu nuen eta “q”-ren ordez “k” jarri nuen. Latineraz, oinezko ezezaguna esan nahi du quidam horrek.

Gazte-gazte sartu zinen magian: 10 urterekin lehenengo saioa, 17 urterekin Espainiako Ilusionismo elkartean sartu zinen...

Txikitan mago batzuk ezagutu ni­tuen, besteak beste Jose Angel Suárez, Ma­gialdia Gasteizko jaialdiko zuzendaria. Bera eta beste batzuk nire maisuak izan ziren. Eta 10 urte nituela hasi nintzen ikus­kizunak egiten familikoekin eta lagunen artean. Denboraren poderioz, ahoz aho, nire ospea haunditu egin zen eta za­letu mailan jarraitu nuen saio txiki batzuk egiten. Beraz, ikusi nuen hori profesionalki egiteko aukera zegoela. Hemeretzi urte nituela, Madrilera joan, baina urtebete be­randuago itzuli nintzen. Madrilen ma­go asko daude eta han ez ninduen inork ezagutzen. Nik lan arruntarik –bulegoan-eta– ez dut inoiz ezagutu. Nire zaletasun ogibide bihurtu nuen eta askok kontrakoa pentsatu arren, 14 urte pasatu dira eta oraindik ez naiz aspertu. Are gehiago, gero eta gehiago gustatzen zait ma­gia, truko berriak asmatzea, entsaioak egitea.... 

Zelan ikasten duzu? Zelan diseinatzen dituzu trukoak?

Eskola zaharreko magoa naiz. Hasi nintzenean ez zegoen internetik, ez bi­deorik, ez ezer. Bakarrik liburuak eta ho­rien bidez ikasten genuen. Magia eskolak egon badaude, baina ez dira ofizialak, eta magian hasteko baino ez dute balio. Magoak oso indibidualak gara, baina gure artean ez dago sekreturik, truko guztiak ezagutzera ematen ditugulako. Nik, esate baterako, batzuk ditut azalduta. Horregatik, gaur egun erraza da trukoak ikastea, baina handik aurrera mago bakoitzak beste gauza batzuk egin behar ditu orijinaltasuna lortzeko, hau da, nork bere ukitua eman behar du, eta ho­rretarako, denbora eta lan gogorra behar dira.

Zeri ematen diozu garrantzi handiena: trukoari ala ikuskizunari bere osotasunean?

Hasieran, trukoari, baina denboraren poderioz, gero eta garrantzitsugoa da ikuskizuna: erritmoa, gidoia, musika, ikusleengana zelan heldu...

Nolako magoa zara zu? Zeintzuk dira zure tresnak: usoak, kartak, ku­txak...?

Gehienok hurbileko magia egiten hasten gara, hau da, poltsikoan eraman ahal dituzun gauzak erabilita: txanponak, kartak... Erraza da gauza handirik behar ez delako eta edozein momentu zein lekutan egin ahal duzulako. Hori pilo bat gustatzen zait, baina gaur egun are gehiago disfrutatzen dut eszenatokiaren gainean. Izan ere, gauza artistikoagoak sortzeko aukera duzu. Eszenatokian argiak, musika, mugimendua, eszenografia, jantziak eta abarreko kontuak erabili ahal dituzu. Hurbileko magiak gehiago txunditzen du, baina eszenatokian aukera anitzagoak dituzu eta zerbait poetikoagoa egin ahal duzu.

Helduentzako zein nagusientzako ikuskizunak dituzu. Ezberdinak dira? Zeintzuk dituzu nahiago?

Hasieran, haurrak oso publiko zaila iruditzen zitzaidan eta helduak nahiago nituen. Baina haurrak ez dira zailagoak, gardenagoak baizik. Ikuskizun txarra aurkezten badiozu heldu bati, agian berak ez dizu hori erakutsiko eta baliteke amaieran zu txalotzea; baina umeek ez dute horrelakorik egiten. Beraz, haurrak nahiago ditut orain.

Harritzeko gaitasuna galdu duzu?

Magia arloan, bai, zoritxarrez. Oso zaila da mago batek beste bat harritzea. Truko batzuk menperatzen ditut, baina beste asko –ia gehienak- badakit zelan egiten diren. Eta horri buruz pentsatzen dut truko bat diseinatzen nabilenean, zelan harritu jendea. Nire ustez, Derren Brown ingelesa da magorik onenetariko bat, ikusi dudan bakoitzean harritu egin nauelako. Brownek ikuskizun ikaragarriak ditu eta gehienak ez dakit zelan egiten dituen. Benetan da harrigarria.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).