Mankomunitateak aurrekontuetan arreta berezia emango dio euskararen eguneroko erabilerari

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 6a, 09:20

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak % 4,56 areagotuko du bere aurrekontua 2018an, 8.009.076,63 eurora arte. Jakinarazi duten moduan, gorakada horrekin, apustu argia egiten du prezio publikoei eusteko eta zenbait arlo sendotzeko, hala nola euskararen arloa.

Zehazki, 618.729 euro bideratuko dira arlo horretara, hainbat partidatan banatuta, euskararen eguneroko erabilera indartzeko asmoz.Horrez gain, aurrekontuko partidak beste zenbait gaitara ere bideratu dira, esaterako, hondakinen kudeaketa eraginkorragoa egitera eta bereizketa-emaitza hobeak lortzera.Bere horretan utziko da hondakin gutxiago sortzeko sentsibilizazio-kanpainak egiteko partida, 10.000 eurokoa, “0 hondakin” helburua lortze aldera. Ildo horretan, 5. edukiontziaren ezarpenarekin aurrera jarraitzeko (edukiontzi marroia, hondakin organikoentzat), besteak beste 13.449,15 euroko inbertsioa aurreikusi da edukiontziok erosteko.

Mankomunitateak hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuaren egungo egoeraren diagnostikoa ere egingo du, zenbait tresna eskuratzeko, hobetu beharreko esparruak identifikatzeko, bereizketa-emaitza hobeak lortzeko eta bereizketa bera eraginkorragoa egiteko.Hain zuzen, urtearen bigarren seihilekorako hiri-hondakin solidoak biltzeko eta kaleak garbitzeko zerbitzuen kontratuak lizitatzea aurreikusten da. Hori dela eta, 36.300 euroko gastua aurreikusi da aldez aurreko azterlan teknikoak egiteko (baldintza-agiriak idazteko laguntza teknikoa).

Azaldu duten moduan, 2018ko aurrekontuen funtsezko helburuetako bat da euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, arreta berezia emanez Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak sustatuko “Euskarak 365 egun” proposamenari.Hain zuzen, Mankomunitateak 618.729 euroko aurrekontua dauka euskara sustatzeko (Txorierriko biztanle bakoitzeko 29,79 euro). Aurrekontu horretan sartzen dira, euskaltegira bideratutako partidaz gain (369.592 euro), beste zenbait programa garatzea ahalbidetuko duten beste partida batzuk, hala nola Berbalagun (jendea taldetan biltzen da, euskaraz hitz egiteko) eta FOE (futbol eta saskibaloiko taldeei zuzendutako programa, entrenamendu eta partidatan euskaraz hitz egin dezaten).Bi programa horiek, guztira, 58.315,92 euroko aurrekontua izango dute.Horrez gain, beste zenbait ekintza ere sustatuko dira: Mihiluze (10 eta 11 urteko 200 gaztetxo baino gehiagok euskaraz jolasten eta ikasten dute beren aisialdian, urtean lauzpabost hilabetez), bertsolaritza-eskolak Txorierriko ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat, euskara ikasteko bekak eta doako itzulpen-zerbitzua merkatari eta ostalarientzat, besteak beste.

Askotan euskara betebeharrarekin eta formalitatearekin lotzen da, eta Txorierriko Mankomunitatearen helburua da aisialdiarekin lotzea eta, bide batez, euskararen «erabilerarekiko harrera positiboa» lortzea eta hizkuntza «formal eta, are gehiago, literario» izatetik «lagunarteko eta gertuko» izatera pasatzea.

Berdintasunaren aldeko lanak ere leku garrantzitsua dauka 2018ko aurrekontuetan. Aurreko ekitaldian udalen eta Mankomunitatearen berdintasun-planak egiteko gastua finantzatzeko behar adinako kreditua (23.000 euro) jarri zen erabilgarri aurrekontuan.Aurten arlo horretarako aurrekontua ohikoa izango da (15.000 euro), eta erronka nagusia da eginiko planen plangintza eta segimendua egitea.

Mankomunitateak programa ezberdinak jorratzen jarraituko du, prestakuntza bultzatzeko, enplegagarritasuna sustatzeko, talentua sorrarazteko eta gazteen arteko ekintzailetza proiektuak bideratzeko. Horrela garatuko dira, esaterako, foru jardueraren lehentasunezko ardatz diren gazteen enplegua bultzatzeko programa berriak, EGAZ Txorierri zerbitzuaren bidez.

Horrez gain, 100.000 euroko gorakada egon da argiteria publikoaren kudeaketa integralerako partidan (250.000 euro), 2017ko gastua kontuan hartuta. 2018rako, Mankomunitateak lanean jarraitu nahi du zerbitzu honen «kudeaketa integral iraunkor eta eraginkorra» lortzeko eta «instalazioak seguruak direla eta egoera onean daudela» bermatzeko, gerta daitezkeen «ezbeharrei, bandalismoari eta fenomeno atmosferikoei» aurre eginez eta «argi-puntu berriak jartzeko beharra» alde batera utzi gabe.

Gizarte-zerbitzuei dagokien kapituluan, psikologoaren lanaldia bikoiztea aurreikusten da, eta Mankomunitatea gizarte-hezitzaileen lanaldia ere areagotzeko aukera ebaluatzen ari da.Horrez gain, langileen gastuak areagotzea aurreikusten da, horien ordainsariak % 1,5 areagotuko baitira, 2018 ekitaldirako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezartzen duenari jarraikiz. Gainera, 2018an langile lan-kontratudunak kontratatzeko kreditua esleitu da, gizarte-langileei laguntzeko lauhileko batean.

 

Behargintza Txorierri

Mankomunitateak, enplegua «Txorierriko herritarrentzat lehentasunezkoa» dela uste du eta hori dela eta , 254.500 eurora arte gehitu du bere ekarpena, eta %36,91 finantzatzen du, guztira, 689.534,39 eurokoa den aurrekonturako. Ekarpen hori egiteko, aurreko ekitaldian onartutako irizpideari eusten zaio, Behargintzako ekarpenaren %75 udalek finantzatuko dute, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera eta, gainerako 25a, udalerri horietako bakoitzean kokatzen den enpresa-kopuruaren arabera.

2018an egingo diren ekintzei dagokienez, hauekin jarraitzea aurreikusten da: herritarren beharrei erantzuten, lan-orientazioa eta -bitartekaritza zerbitzua eskaintzen, enpresak sortzen laguntzen, baita pertsonen enplegagarritasuna hobetzen laguntzen duten ikastaroak antolatzen. Sustapen ekonomikoaren arloko ekintzak ere badaude, bereziki hauek nabarmentzen dira: hobekuntzak industrialdeak kudeatzeko orduan, eta nazioartekotze eta enpresa lankidetza programetan oinarritutako enpresen lehiakortasuna hobetzea, eskualdeko enpresen artean negozio aukerak dinamizatzeko.

 

Udal euskaltegia

Aurrekontua 652.191,21 eurokoa da; aurreko ekitaldian baino % 4,56 gehiago.Dauden ikasle kopuruaren arabera, udal bakoitzak ekarpenak egiten ditu. Ikasturte honetan 216 ikasle daude matrikulatuta eta udalek 369.592 euroko ekarpena egingo dute (kopuru osoaren %56,67). Aurrekontuaren gainerakoa HABEren diru-laguntzetatik eta ikasleek ordaindutako matrikulen eta eskolen zenbatekoetatik dator.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).