EuskarAbentura gazteen espedizioak Euskal Herria zeharkatuko du uztailean

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 6a, 09:00

Egitasmoa Ruta Quetzal izandakoan dago oinarrituta, eta 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei dago zuzenduta. 

Iraiti Labaiene egitasmoaren sustatzaileetariko bat da eta, bere esanetan, adin-tarte hori da “gauzak deskubritzen eta heldutasunean definituko gaituzten esperientziak bizitzen ditugun momentua. Gainera, gazte garaian harreman berri asko egiten dira eta oso garrantzitsua da harreman horietako hizkuntza ohituretan eragitea”.

Espedizioa 120 gaztek osatuko dute eta bertan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako zein diasporako gazteek hartu ahalko dute parte. Done Jakue bideari jarraituz eta Unescok izendatutako gizateriaren ondareetatik igaroz, Euskal Herria zeharkatuko dute uztailean. Espedizioa uztailaren 1ean abiatuko da Mauletik, Done Jakue bidearen ibilbide frantsesa jarraituz, Donibane Garazi eta Iruñatik igaro eta Vianaraino. Bertatik autobus batek Donemiliaga Kukulara eramango ditu abenturazaleak. Bertan orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izango dituzte. Hain zuzen ere, bertan agertutako esaldietako bat- jizioqui dugu– da EuskarAbenturaren aurkezpen gutuna, Iker Goñik azaldu bezala “glosak ezagutzera emateaz gain egitasmoaren izpirituarekin oso bat datorrelako: piztuko dugu; bidea piztu, hizkuntza piztu, etorkizun diren gazteak piztu”.

Donemiliagatik Añana Gatzagara igo eta Barnealdeko bidea kontrako norabidean egingo da Iruneraino. Trenez Baionara igo eta handik Kostaldeko ibilbidetik jarraituko da, Kantauri kostalde guztia zeharkatuz, Getxoko Bizkaia zubian amaitzeko, uztailaren 31n. Espedizioa Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatutako gizateriaren ondare guztietatik pasako da: Done Jakue bidea, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiako zubia.

Izena ematea

Izena ematea doakoa da eta martxoaren 18ra arte egin daiteke, www.euskarabentura.eus webgunearen bidez. Parte hartzeko izen-emate inprimakia betetzearekin batera gazteek motibazio gutuna eta lan bat bidali beharko dituzte. Lana egiteko hiru gai orokor daude aukeran, era librean landu ahal direnak: Euskara & zure herria, Euskara & emakumeak eta Euskara & itsasoa. Goñik azpimarratu bezala “talentu ezberdineko gazteak erakartzeko” asmoz, elkarteak bost motako lanak jasoko ditu: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala eta ikus-entzunezkoa. Lanak Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta lan onenen egileek espedizio-beka lortuko dute. Apirilaren 16an argitaratuko da abenturan parte hartuko duten 120 gazteen zerrenda.

Helburuak

Euskal Herriko txoko desberdinetako hamaika lagunek osatzen dute EuskarAbenturaren talde sustatzailea. Euskararen normalizazioan eragiteko helburuz ekin zioten lanari “gazteen artean euskararen erabileran eragiteko gure aletxoa jartzeko borondatez” Iker Goñik zehaztu bezala. “Eta egikaritzeko aukeratutako unea ez da edozein. Izan ere 2018a Euskaraldiaren urtea izango da, kointzidentzia ezin hobea, EuskarAbenturak hiztun gazteen aktibazioan bete-betean eragin nahi duelako” gaineratu du Goñik. Horrez gain, EuskarAbenturak baditu beste helburu batzuk: euskal lurraldearen ezagutzan sakontzea, gazte euskaldunen sarea osatzea eta, antolatzaileen ustez, positiboak diren zeharkako beste balio batzuk transmitizea; hala nola, bizikidetza, ingurumenaren errespetua, genero berdintasuna, bizi ohitura osasuntsuak… Eta, batez ere, gazte horiek, bakoitza bere inguruan, abenturan zehar jasotako guztiaren zabaltzaile eta eragile izatea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).