“Hiriburuetan manifestazio masiboak burutu ziren eta zenbait kasutan bertaratutakoen kopurua historiako handiena izan da. Parte-hartzea ez zen soilik hiriburuetan bildu, 200 herri euskaldun baino gehiagotako manifestazio deialdietan ere lagun asko elkartu ziren. Datuok historikoak izateaz gain, mugimendu feministaren mobilizazio indarra eta sareetan antolatzeko gaitasuna frogatzen dituzte”. Eskerrak herri eta hiri guztietako kaleak bete eta lanuzte zein greba deialdian parte hartu zuten emakume guztiei eman nahi dizkiete. “Baita lanuzteak zein greba egin ezinik, hau bultzatzeko bideak aurkitu zituzten emakumeei ere”.
Emakumeek kaleak, plazak, egunkari azalak eta albistegiak bete zituzten Martxoaren 8an, herri, estatu eta nazioarteko mailan. Hala ere, “zifrek eta hitzek ezin dute gertatutakoa benetan deskribatu. Ezinezkoa da bizitako sororitate eta konplizitate momentuak nahiz eta emozioz eta irribarrez betetako uneak zenbatzea”. Inflexio-puntu bat izan zen, euren ustez. “Milaka emakume, batzuk antolatuak eta beste milaka antolatu gabekoak, argi izan genuen kalera irtetea, aldarrikapen kolektiboak egitea, elkarrekin ibilbidea egitea eta zapaldu eta itotzen gaituen sistema heteropatriarkalaren kontra gure ahotsak entzunaraztea ezinbestekoa dela guzti hau eraldatzeko. Dagokiguna defendatzeko indarra eta muskulua duen mugimendua garela agertu dugu. Argi eta garbi adierazi dugu dena nahi dugula eta orain nahi dugula, ez dugula itxaroten jarraituko”.
Mugimendu feministak hainbat eremu barne hartzen dituzten proposamenak ditu, esate baterako, sexu ugaltze eskubideak, hezkidetza, indarkeria matxistari aurre egiteko bideak, giza eskubideak eta emakumeak zapaldu eta beren lana ikusezin bihurtzen dituen eredu ekonomikoa aldatzeko proposamenak. “Orain arte ez digute kasurik egin eta gutxiengoa izatea leporatu digute baina jada ezin izango dute hori egiten jarraitu, 8an Euskal Herriko emakume gehienok eredu sozial feminista nahi dugula adierazi genuen”. Euren iritziz, dagoeneko badaude gauza asko egin daitezkeenak. “Hasteko azpikontratazio eta sektore feminizatuen prekarietatearekin amaitu. Guri kristalezko sabaiek baino zoru itsaskorrek arduratzen gaituzte, prekarizatuenak, migratuak eta etxeko langileak dauden lekua. Hemen ere jada zeozer egin dezakete, esaterako Lanbiden DBE jasotzen dutenen eskubideak bermatu beharrean, eskatzaile gaizkiletzat jotzen dituztenak kontrolatu”.
Mugimendu geldiezina
Zaintza arloan dabiltzan emakumeek egin zuten bat grebarekin eta umeak, gaixoak, nagusiak, dependentzia duten pertsonak… zelan zaindu lehen aldiz pentsatu behar izan zen. Esplotazio egoeran lan egiten duten etxeko langileei ere protagonismo garrantzitsua eman zitzaien. “Greba feminista gertaera garrantzitsua izan da kontzientziak eta praktika kolektiboak aldatzeko”. Kontsumo grebaren eragina ere handia izan zen, eta ikasle mugimenduak oso parte-hartze aktiboa eduki zuen manifestaldietan. “Emakume bakoitzak greba egiteko era aurkitu zuen eta greba feministarekin bat egin zuen. Azpimarratzekoa da batez ere sektore feminizatu askotan egin den ahalegina. Grebak jarraipen berezia izan du gehiengoa emakumez okupatuak dauden espazioetan: zaintzak, garbiketa, hezkuntza”. Gainezka egin zezan greba nahi zuten eta lortu egin dute. “Greba feminista errealitate bihurtu dugu, lan arlotik haratago joan da, eta martxoak 8a berriro ere aldarrikapen eta borroka eguna bihurtu da. Eguneko irudiek erakusten dute herriz herri eraikiz doan lan kolektiboa”.
Bestetik, eseraldi isilak egin ziren eraildako emakumeak omentzeko, eta Donostian Munilla apezpikuaren kontrako ekintza bat egon zen. Azalera handiko saltokietan ere ekintzak izan ziren eta Gasteizen 30 aktibistek itxialdia egin zuten Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean. Arratsaldeko manifestazioak jendetsuenak izan ziren. Mugimendu Feministatik poliziaren jarrera ere salatu dute. “Sei emakume identifikatu zituzten, bat Iruñean eta bost Araban, hiru Gasteizen eta bi Zigoitian, eta kazetari bati mozal legea aplikatzeko mehatxua egin zioten argazki batzuk argitaratuz gero”.
Azkenik, Martxoaren 8ko greba feministaren izaera internazionalista nabarmendu dute. “Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialistaren kontra, sare kontrahegemonikoak sortzeko ibilbidean pausu bat gehiago emateko balio izan du. Mobilizazio oso adierazgarriak egin dira mundu osoan zehar”. Mugimendu feministak kaleak bete ditu eta, beren ustez, geldiezina da. “Belaunaldiarteko mugimendua garela ikustarazi genuen, gazteen presentzia azpimarratu nahi dugu, baina baita pentsiodunena ere. Gure aniztasuna ikusarazi genuen, emakume migratuek, arrazializatuek, bollerek, transek eta aniztasun funtzionala dutenek Euskal Herri osoko kaleak hartu zituzten. Mundua gelditu dezakegula erakutsi dugu. Orain mundua eraldatzea proposatzen dugu”