“Ez dugu irabaztea helburu, eraikitzea baizik”

a: Izartu 2018ko mar. 27a, 12:08

Olaia Aurre eta Gorka Zarate, Izartu elkartearen kideak

Gure Esku Dago herri dinamikaren haritik, Izartu elkartea osatu da Zamudion eta Lezaman. Euskal Herriko hainbat udalerrirekin batera, herri galdeketara deitu dute Maiatzaren 6rako (M6), herritarrek beren estatus politikoaren inguruko gogoa adierazi dezaten. Izartu elkartearen kideek gakoak azaldu dizkigute.

Zamudioztarrak eta lezamarrak elkarrekin zoazte, zergatik?

2017an hainbat olatutan antolatu ziren herri kontsultak, baina momentu hartan ez genuen pausoa eman. Oraingoan bai, 2018ko olatu honetan bagoaz gauzatzera beste hainbat herrirekin batera. Batetik, ezin izan ditugu gure herriak ariketa demokratiko honetatik kanpo utzi; akaso, hau izan liteke azken trena momentuz. Eta, bestetik, Txorierri osorako baliagarria den elkartea osatu nahi izan dugu, beste herriei ere atea zabaldu nahi izan diegu.

Zein prozesuri jarraituko diozue M6ko galdera zehazteko? Galdera bera izango da herri bietan?

Ikusiko dugu; oraingoz, herri bakoitzak bere dinamika zehaztu du. Galdera desberdinak egingo dira, beharbada, edo ez. Herritarren parte hartzearekin zehaztuko da galdera. Beraz, guztiok animatzen zaituztegu zuen ekarpenak egitera. Galdera bera baino aberatsagoa izango da gure artean partekatzen duguna. Gure Esku Dagoren lema oso argia izan da galdeketaren prozesuan: borondateak ehundu, adostasunetan sakondu eta herritarrak ahaldundu. Eredu hori da gure herrietara ekarri nahi duguna; horregatik, galdera adosteko, ezinbestekoa ikusten dugu herritarren parte hartzea. Adostasun zabal eta anitza nahi dugu galderaren erabakitze horretan ere bai, eta horretarako herrietako eragile sozial direnei ere luzatuko diegu gure gonbitea.

Nortzuek eman ahalko dute botoa?

Parte hartzeko baldintzak herrian erroldatua egotea, eta M6an 16 urte beteak izatea. NANa, EHNA, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dira, eta azken hiru horietako bat erabiliz gero, errolda ziurtagiria ere bai. Atzerritarrek Atzerritarren Identifikazio Zenbakia (AIZ) aurkeztu beharko dute. NANean edo AIZn agertzen den bizilekua Lezama edo Zamudio ez bada, edo agiria iraungita badago, errolda ziurtagiria ekarri beharko da. Antolatzaileok ez dugu errolda zerrendarik, baina parte hartzaileen kontrola eramateko Gure Esku Dagok sortutako programa informatikoa erabiliko dugu. Horrexek emango digu bermea, gauzak garbi egin izanarena. Horrezaz gain, herritar batzuei laguntza eskatu zaie “berme taldea” osatzeko. Hau da, ematen diren pausoek ahalik eta gardentasun handiena izatea da gure asmoa.

Zer da inportanteena: emaitza ala parte-hartzea?

Inportanteena da denon artean gure estatus politikoaren inguruan berba egitea eta demokrazian sakontzea. Demokrazia parte hartzailean sinesten dugu, eta herrietako erabakitze eskubidearen aldeko muskulu soziala indartu nahi dugu. Gure gizartean ez dago galdeketak egiteko ohiturarik eta dinamika honekin ¨beldur ¨hori usatu nahi dugu eta honelako prozesu batek dakartzan onurak goratu. Sinadura bilketan ibili gara otsaila eta martxoan zehar, eta herritarren harrera ona ikusi dugula aipatu beharrean gaude. Herritar askorengana hurbildu gara eta lehenengo aldia izan da batzuekin estatus politikoari buruz hitz egin duguna. Eta horregatik izan ez balitz, ez genukeen sekula horrezaz hitz egiteko eta iritziak partekatzeko aukerarik izango.

Zelakoa da Zamudion eta Lezaman herri galdeketaren haritik dagoen giroa?

Elkartearen sorreratik bertatik ikusi genuen herritarren interesa, eta orain arte hurbildu garen elkarte eta herritarren babesa eta atxikimendua sentitu dugu. Ez gara guztiengana iritsiko, bidea ez da erraza, baina ez badugu ahaleginik egiten, ezin da jakin herritarren nahia zein den. Herriko erabakitze eskubidearen aldeko indarrak batu eta gaia denon ahotan jarri nahi dugu. Herritar guztiengana heltzeko, M6ra arte etengabe jarraituko dugu lanean, buru belarri.

Larrabetzun iaz egin zuten herri-galdeketa eta bertan botoa emateko eskubidea zuten % 58k hartu zuen parte. Antzeko zifrarik espero duzue?

Ez dugu zifren lehian sartu nahi. Bidean lanean ari gara eta hurbildu garen herritarren babesa sentitu dugu. Horrekin geldituko gara. Bidea ekinez egiten omen da, ezta? Galdeketarekin, ez dugu irabaztea helburu, eraikitzea baizik. M6ko olatu berri honekin 120.000 herritar inguruk izango dugu Euskal Herrian botoa emateko aukera, horixe da herria indartzen eta aktibatzen duena, herritarrak ahalduntzen dituena.

Zergatik eman beharko lukete botoa herritarrek?

Printzipio demokratikoa delako. Demokrazian, herritarrok garelako subjektua, eta guk erabaki behar dugulako oraina eta etorkizuna. Gure berba eman nahi dugulako eragiten digun gai garrantzitsu honetan. Badakigu ez duela legezko baliorik, baina guztiz legitimoa da herriari galdetzea zer nahi duen. Ariketa hori eginez gure ordezkari politikoek jakin dezakete herritarrok zer pentsatzen dugun.

 

M6rako bidean

Elkartea herritarren aurrean aurkeztu ondoren, buru-belarri ibili dira lanean Izartuko kideak eta hainbat ekitaldi burutu dituzte, hala nola M6aren berri emateko ekintza eta egun hori kandelak erabilita irudikatzea, Eñaut Elorrietaren kontzertua Zorrizketan euskara elkartearekin batera, Jaume Lopezen hitzaldia eta argazki-erakusketak. “Sinadura bilketarekin gabiltza orain eta martxoan bertan zabalduko dugu galdera zehazteko prozesua. Horretarako, dinamika bat antolatuko da herri bakoitzean”.

Apirilaren zehar eta M6ra arte ere ekintza sorta zabala egingo da. “Zamudion, esate baterako, galdera apirilaren 8an emango da ezagutzera. Sinaduren bilketaren emaitza ere jakinaraziko da, eta berme eta jarraipen batzordeen aurkezpena egingo da, eta galdeketari babesa emateko herritarren agerraldia egingo da. Hilaren 21ean egun osoko herri jaia izango da. Bestetik, Lezaman, Sukalki Eguna antolatu da apirilaren 21erako ere bai, eta hainbat ekintza egongo da”.

Maiatzaren 6an, herri galdeketarekin batera, ekintzak ere izango dira herri osoan zehar. Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da. Denon artean egingo dugu eta izugarria izango da. Gauza bat eskatuko genieke irakurleei: egun hori irudikatu eta pentsa dezatela zer gertatzea nahiko luketen”.