Pentsiodunek eskatzen dute gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, igoera kontsumoko prezioen indizera (KPI) lotzea eta iraunkortasun faktorea baliogabetzea. “Izan ere azken urte bietan erosteko ahalmenaren % 3 galdu egin dugu”, esan digu Jose Luis Padura zamudioztarrak.
Bitartean, Rajoyren gobernuak Estatuko Aurrekontu Orokorreko proiektua aurkeztu du apirilaren hasieran. Aurrekontu horiek onartuz gero, pentsiodunen eta alargunen pentsioek % 1 eta % 3 bitarteko igoera edukiko lukete. Aurkeztutakoa ez ditu pentsiodunen eskariak asetzen. “Apurrak dira. Montorok lotsagabekeriaz esan zuen moduan, azenarioak dira krisi garaian”. Pentsiodunen helburua da gutxieneko pentsioak igotzea eta pentsio guztien igoera KPIrekin parekatzea, eta horrela alargunak eta pentsiodunak pobretzea ekiditea. “Dirurik ez dagoela diote, baina haiek badute nahi dutenerako; beren soldatak igotzeko, esate baterako. Estatuan bederatzi milioi pentsiodun gabiltza kalera ateratzen; kontuan hartu beharko dute”.
Pentsio duinen aldeko borroka pentsiodunei ez ezik gizarte osoari dagokion kontua da, pentsiodunen iritziz. “Orain guri dagokigun arazoa da, baina guztiok egin behar dugu presioa gobernuak enplegu-kolokatasuna deuseztatzeko eta 20 urte barru egoera larriago batean ez egoteko. Hau gazteen arazoa ere bada”.