M6rako bidean

a: Izaro Rojo eta Izartu Zamudio 2018ko api. 26a, 10:41

Gure Esku Dago dinamikaren haritik, herri galdeketa egingo da maiatzaren 6an Zamudion eta Lezaman. Izartu Zamudio eta Izartu Lezama elkarteak botazioaren azken prestaketekin dabiltza, eta jendaurrean aurkeztu dute, besteak beste, zenbat sinadura bildu duten eta herri bakoitzean egingo den galdera.

Herri galdeketa antolatu ahal izateko, antolatzaileek botoa eman ahal dutenen % 10en sinadura batu behar zuten, eta jakinarazi duten moduan, portzentaje hori gainditu egin dute. Izan ere, Zamudion 427 sinadura batu dituzte, eta Lezaman, 330. Bestetik, maiatzaren 6an egingo den galdera herritarrekin batera adostu da prozesu parte hartzaile baten bidez. Zamudion galdera hau egingo da: Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna libre erabakitzeko eskubidearen alde zagoz? Eta Lezaman beste hau: Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan gura dozu?

Galdeketa 09:00etatik 20:00etara izango da Zamudioko Leizaola lehendakaria, 7 kalean; eta Lezamako Herriko Plazan ipiniko den karpa batean. Botoa maiatzaren 6an 16 urte beteta izan eta herrian erroldatuta dauden herritarrek eman ahalko dute. Horretarako, NANa edo, atzerritarren kasuan, Atzerritarren Identifikazio Zenbakia (AIZ) aurkeztu beharko da. Agiriak originalak izan behar dira eta indarrean egon behar dira. Era berean, gidatzeko baimena, pasaportea edo EHNA aurkeztu ahal izango dira, baina kasu horietan errolda ziurtagiria ere aurkeztu beharko da. Gainera, NANean edo AIZn agertzen den bizilekua Lezama edo Zamudio ez bada, edo agiria iraungita badago, errolda ziurtagiria eraman beharko da. Elkarteetatik adierazitakoaren arabera, botoa aldez aurretik emateko aukera ere egongo da. Zamudion, Leizaola lehendakaria kaleko lokalean eman ahal izango da apirilaren 29an eta maiatzaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara; maiatzaren 4an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era; eta maiatzaren 5ean, 12:00etatik 14:00etara. Lezamarrek Aretxalde 68 kaleko lokalean eman ahalko dute aurretiko botoa, maiatzaren 3an eta 4an, 18:30etik 20:30era; eta maiatzaren 5ean, 12:30etik 14:30era.

 

Berme guztiak

Bai maiatzaren 6an, bai boto aurreratuen kasuan, galdeketa berme guztiekin eta Gure Esku Dagok ezarritako protokoloaren arabera egingo dela garantizatuko da. Horretarako, Batzorde Sustatzaileaz gainera, Kontrol edo Berme Batzordea eta Jarraipen Batzordea eratu dira. Kontrol Batzordeak Zuzenbidean lau lizentziadunek eta Gizartean gradudun batek osatzen dute, eta euren eginkizuna hauxe da: prozesuaren gardentasuna, neutraltasuna eta objetibotasuna zaintzea, eta galdeketa deialdiaren eta protokoloaren arabera egingo dela bermatzea. Bestalde, Jarraipen Batzordearen eginkizun nagusia izango da galdeketa prozesu osoa ikuskatzea, eta Kontrol Batzordearekin batera protokoloak ezartzen duena betetzen dela bermatzen laguntzea.

Izartu Zamudiotik eta Izartu Lezamatik azaldu duten moduan, batutako sinadurak Kontrol Batzordeak zaindu ditu, eta maiatzaren 6an baino lehen emango diren botoak ere batzorde horren ardurapean egongo dira. Halaber, eta esandakoaren arabera, prozesuan erabili diren –eta erabiliko diren– datu pertsonal guztiak, sinadurak barne, Datuak Babesteko Legeak ezarritakoaren arabera tratatuko dira, eta enpresa homologatu batera eramango dira ezdeustu ditzan.

Maiatzaren 6aren aurreko egunetan ekitaldiak dabiltza antolatzen Zamudion eta Lezaman, hala nola herri bazkariak, erromeriak eta Sukal-klik jaia. Herri bietan adierazpen instituzionala onartu da udalbatzan, eta gaur egungo eta lehengo udal ordezkariek ere euren babesa adierazi diote galdeketari. Galdeketaren egunerako ekintzak antolatuko dira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).