III. “Txorierriri Bira”, ekainak 2

t: Bestorrene / a: Berbalagun 2018ko mai. 10a, 10:03

Orain dela urte bi, Derioko Berbalagun talde batean ideia hau sortu zen: zergatik ez antolatu berbalagunen artean Txorierri osoko itzulia oinez? Horrela, “Txorierriri bira” lehenengo aldiz antolatu zen 2016an. Aurten hirugarren aldiz egingo dute.

“Berbalagunon artean nahikotxo mendizale gaude. Ideia bota zenean, gainontzeko berbalagunen artean zabaldu genuen eta laguntza eskatu genien bertoko mendi taldeei. Talde antolatzaile txiki bat eratu genuen, ibilbidea prestatu genuen… eta horrela egin genuen lehenengo bira”, azaldu digute antolatzaileek. Helburua argi eduki zuten hasieratik. “Egun batean euskaraz egingo zuen lagun talde batek Txorierriri bira ematea eta, ostean, afaltzea. Mendia eta euskara lotu nahi genituen, hau da, mendira joanez euskara bultzatu”. Espero baino jende gehiago animatu zen ekintzan parte hartzera eta horregatik erabaki zuten hurrengo urtean berriro egitea.

2016ko bira Larrabetzun hasi eta amaitu zen, eta afaria Goikoelexaldeko txokoan prestatu zuten. Hurrengo urtean, lagun gehiago gonbidatu zuten birarekin bat egitera. “Esate baterako, gurasoen bidez, Txorierriko eskolak animatu genituen gurekin ibilbidearen zati bat egitera. Baserri Antzokitik (BAN) irten eta bira bertan ere amaitu genuen afaria hartu genuela. Ibilbideari dagokionez, aurten ere iazko berdina egiteko asmoa dugu. Aldatuko dena data izango da: aurreko biak apirilean egin ditugu; eta aurtengoa, ekainaren 2an, zapatuan”. Antolatzaile Berbalagun egitasmoa eta Txorierriko mendi taldeak arituko dira: Arroeta (Zamudio), Gailur (Lezama), Untza (Derio) eta Sondika mendian. “Eskolei eta nahi duen taldeari ere egin nahi diegu biran aritzeko gonbidapena. Baldintza bakarra euskaraz “ibiltzea” da”.  

Etapak

Ibilbideak Txorierri inguratzen du, menditik. “Esan beharra dago ibilbide osoa luzea dela, 50 km ingurukoa, eta ondo prestatuta egon behar dela oso-osorik egiteko. Hori dela-eta, oso inportantea da bakoitzak bere sasoia eta gaitasunak ondo neurtu eta ahal duena egitea. Ibilbide osoa egin daiteke, erdia edo etapaka”. Lehenengo etapa BANetik Larrabetzuko plazaraino doa (14,5 km); bigarrena, Larrabetzutik Artxandako Leon jatetxeraino (11 km); hirugarrena, handik Erandiogoikoko elizaraino (9 km); laugarrena, Erandiotik Lauroetaraino  (7 km); eta azkena, Lauroetatik BANeraino (ia 8 km).

“Orain arte denetarik egon da. Batzuek korrika egin dute ibilbide osoa; eta beste batzuek arin-arin ibilita, zortzi orduan. “Normalenek” 11 ordu eman dituzte ibilbidea egiteko. Hala ere, parte-hartzaile askok etapa bat edo bi besterik ez dute egin. Sondika mendian taldekoek, adibidez, Lauroetan egin zuten iaz bat birarekin eta BANen amaitu zuten. Baina argi utzi behar dugu hau ez dela lasterketa bat. Bakoitza bere erritmora doa eta, garrantzitsua dena, elkarri berba eginez. Izan ere, zeozergatik gara berbalagunak!”. Etapa bakoitzaren amaieran anoa-postua atonduko da.

Google Maps

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, lehenengo urtean ez zuten ibilbidea markatu, parte-hartzaile guztiak elkarrekin joango zirela pentsatzen zutelako. “Baina, azkenean, jendea beti sakabanatzen da. Beraz, hurrengo urtean markatu egin genuen. Hala ere, hainbeste kilometro izanda, zaila da markak ondo jartzea eta nahasketa txikiena ere bada nahikoa ibilbidetik ateratzeko”. Aurten, neurri batzuk hartuko dituzte ibiltariak ez galtzeko. “Alde batetik, ibilbidea aurretik azalduko diegu parte-hartzaile guztiei; bestetik, taldeka eta ibilbidea ezagutzen duenen batek gidatuta joateko aholkua emango dugu; eta azkenik, eta nobedaderik handiena dena, ibilbidea Google Maps aplikazioan ipiniko dugu eskuragarri, nahasketa ekar dezaketen lekuak adierazita eta argibide-argazki bat argitaratuta. Espero dezagun aurten inor ez galtzea”.

Izena emateak euro bi balio du eta Berbalagun taldeetan egin daiteke, aurretik apatutako mendi taldeetan, 635753595 telefono zenbakira deituta edo txorierri.berbalagun@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Izena ematearen bidez batzen den dirua banatuko den edaria eta janaria ordaintzeko erabiliko da.  Parte-hartzaileek Derioko kiroldegian dutxa hartzeko aukera edukiko dute. Gainera, antolatzaileek WhatsApp talde bat zabalduko dute, edozein konturen berri emateko eta Google Mapseko ibilbidearen sarrera jakinarazteko. “Egunari amaiera emateko, afaria edukiko dugu BANeko txokoan. Nahi duena etorri daiteke gurekin afaltzera, aurretik izena ematen badu. Bakarrik faltatzen zaigu eguraldia lagun izatea!”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).